Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek lankidetza estua berretsi dute merkataritzaren eta teknologiaren arloko munduko erronkei aurre egiteko, betiere demokraziarekin, askatasunarekin eta giza eskubideekin duten konpromisoari jarraikiz. Bi aldeek Merkataritza eta Teknologia Kontseiluaren bigarren ministro-bilera egin dute Parisen, eta berretsi dute kontseilu horrek eginkizun zentrala duela elkarte transatlantiko berrituan, zeina baliagarria izan baita Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek elkarrekin harturiko neurriak koordinatzeko, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren aurrean.
Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek, era berean, berretsi dute Internet irekia, globala, elkarreragilea, fidagarria eta segurua babesten dutela, eta, hala, bat egin dute Interneten etorkizunari buruzko Adierazpenarekin eta Eskubide eta printzipio digitalei buruzko Europako Adierazpenarekin. Gainera, Europar Batasunak eta Amerikako Estatu Batuek plataformen gobernantzaren funtsezko alderdietan lankidetza indartzea adostu dute.