Aurkeztu zure hautagaitza orain eta, zorte apur batekin, bidaia-bonu baten saria jasoko duten Europako 35.000 gazteetako bat izanen zara.

DiscoverEUren txanda berriaren unea iritsi da, eta albiste zoragarriekin batera dator… DiscoverEU Erasmus+ programaren familiako kide da orain. 2022ko udaberrirako deialdirako eskabideak Europako Gazteriaren Atarian aurkezten ahalko dira 2022ko apirilaren 7ko eguerditik apirilaren 21eko eguerdira bitartean.

DiscoverEU Europar Batasunaren programa bat da, hemezortzi urteko gazteei bidaia-bonu bat eskaintzen diena ikaskuntza-esperientzien bidez Europa ezagutzeko.

Hautagaitza aurkezteko baldintzak:

  • 2003ko uztailaren 1etik 2004ko ekainaren 30era bitartean jaioa izatea (bi egunak barne);
  • Hautaketa egiten den unean, legezko bizilekua izatea herrialde hauetako batean:
    • Europar Batasuneko estatuetako bat, itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeak barne, edo
    • Erasmus+ programari lotutako hirugarren herrialdeetako bat: Islandia, Liechtenstein, Iparraldeko Mazedonia, Norvegia, Serbia eta Turkia;
  • Nortasun-agiriaren, pasaportearen edo legezko bizileku-txartelaren zenbaki zuzena adieraztea  hautagaitzarako online inprimakian;
  • Proba batean parte hartzea (zure hautagaitza talde bateko kide gisa aurkezten ez baduzu).

Zure hautagaitza hautatzen bada, gutxienez egun bateko eta gehienez hogeita hamar eguneko bidaia egiten ahalko duzu 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean.

DiscoverEU deskontu-txartel bat ere jasoko duzu, deskontuak izateko eskubidea emanen dizuna bisita kulturaletan, ikaskuntza-jardueretan, kiroletan, tokiko garraioan, ostatuan, janarian eta askoz ere gauza gehiagotan.

Jakin nahi duzu zure lagunekin bidaiatzerik duzun?

Bai, haiekin bidaiatu dezakezu. Zeuk erabakiko duzu. Bakarrik edo gehienez lau laguneko talde batekin bidaiatu dezakezu, betiere onargarritasun-irizpideak betetzen badituzte.

Zuretzat bidaiatzea zaila bada ezintasunen bat edo osasun-arazoren bat duzulako, programan parte hartzeko laguntza eta babesa jasotzen ahalko dituzu.

Aurreko parte-hartzaile batzuek informazio gehiago ematea nahi baduzu, jarri harremanetan DiscoverEU enbaxadoreekin: DiscoverEUren Facebookeko taldean daude zure zain. Talde horrek aukera gehiago eskainiko dizkizu: DiscoverEUko beste bidaiari batzuk ezagutu, zure bidaia-planak partekatu, topaketak antolatu eta inspirazioa bilatu, besteak beste.

Prest zaude? Egiaztatu xehetasun guztiak (arauak eta ohiko galderak), eta zorte on!

Gazteegia zara txanda horretan parte hartzeko? Ez kezkatu! Urtero bi txanda egonen dira: bata udazkenean eta bestea udaberrian.