Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek parte hartuko dute bilera horretan; martxoaren 3an eta 4an izanen da, Marseillan.

Erregioen eta Hirien Europako 9. Goi-bilera antolatu dute Eskualdeetako Komiteak eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdeak, EBko Kontseiluko lehendakaritza Frantziak duen une honetan. Errusia Ukraina inbaditzen ari dela eta, EBko tokiko eta eskualdeko liderrek Ukrainiako herritarrei babes formala emanen diete. Europari buruz duten ikuspegia ere partekatuko dute, eta EBren oinarri demokratikoak indartzeko eta funtsezko aldaketak egiteko eskatuko dute, Europar Batasuna hobeki prestatuta egon dadin zenbait erronkari erantzuteko, hala nola osasun-laguntzari, hondamendi naturalei, klima-aldaketari eta lurraldeen arteko desberdintasunei.

Parte-hartzaileek Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziarako azken aldarrikapenak eginen dituzte, adierazpen batean: “Erregioetako eta tokiko agintarien Europako demokraziaren aldeko manifestua”. Manifestu horrek azpimarratzen du EBren funtzionamendu demokratikoak eskualde, hiri eta herrien parte-hartze handiagoa eskatzen duela, bai eta herritarren eta, bereziki, gazteen konpromiso demokratikoa indartzea ere. Arreta kontu hauetan jarri behar da: COVID-19aren krisiaren ondoren susperraldi inklusiboa eraikitzea, Europako lurralde- eta gizarte-kohesioa sendotzea, eta trantsizio berde eta digitalari laguntzea.

Gehiago irakurri