Academia Europea e Iberoamericana de Yuste fundazioak abenduaren 30ean ireki zuen Iberoamerikako doktore-tesien ikerketa-sarira hautagaitzak aurkezteko epea.

Gai gisa, Espainiak, Portugalek edo Europa osoak Iberoamerikarekin izandako harremanak eta alderantzizkoak jorratzen dituzten tesiak aurkezten ahalko dira; hau da, harreman horiek ikuspegi historiko, kultural, sozial, zientifiko nahiz ekonomikotik edo beste edozein azterketa-esparrutatik aztertu dituzten tesiak. Saria jasotzen duen lana fundazio horren ‘Doktore-tesiak’ liburu-bilduman argitaratuko da, eta egileak 3.000 euro jasoko ditu.

Sarira aurkezten diren doktore-tesiek gaztelaniaz, ingelesez edo portugesez idatzita egon beharko dute. Gainera, izan beharko dute Portugalen, Espainian edo Iberoamerikako nahiz Europako edozein herrialdetan defenditutakoak deialdia argitaratu aurreko bi urteetako batean.

Horretaz gain, defenditu zirenean indarra zuen araudiak ezarritako kalifikazio gorena behar dute izan lortua. Norgehiagokaren bidezkoa da saria emateko prozedura.

Hautatzerakoan, epaimahaiak honako irizpide hauek baloratuko ditu, besteak beste: kalitate zientifikoa eta literarioa, proposatu diren hipotesiak frogatzeko erabilitako argudioen sendotasuna, argudioen koherentzia eta sistematikotasuna testua idaztean, eta sormena nahiz tratamenduaren originaltasuna.

Hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 11n bukatuko da.

Gehiago irakurri