Froga-bilketa hori oinarri izanen da aztertzeko zer eragin izanen lukeen balizko egintza eskuordetu batek.

Europako Batzordeak kontsulta publiko ireki bat eta datuen deialdi bat jarri ditu abian azaroko lehen astean, produktuen konponketa erraztuko duten EBko etorkizuneko ekodiseinu-betekizunak prestatzen laguntzeko.

Ekimenaren helburuak dira EBko merkatuan produktu-sorta zabal baten konponketa erraztea, produktuen bizitza baliagarria luzatzea, hondakinak murriztea eta ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa babestea. Herritarrentzat, horrek ekar ditzake produktu iraunkorragoak, konponketa-kostu txikiagoak eta egunero erabiltzen diren artikuluak konpontzeko aukera gehiago.

== Kontsulta eta froga-bilketa ==Zabalik egonen da 2027ko otsailaren 9ra arte. Ekarpen horiek oinarri izanen dira aztertzeko zer eragin izanen lukeen balizko egintza eskuordetu batek; egintza hori produktu jasangarrien diseinu ekologikoaren erregelamenduaren esparruan kokatuko da, eta 2027an onestea aurreikusten da.

Zer hartzen du barne kontsultak? 

Kontsultak dei egiten die kontsumitzaileei eta konpontzaileei, oharrak egin ditzaten gauzak konpontzeko orduan gaur egun dituzten arazoei buruz, bai eta konpongarritasuna hobetzeko balizko neurriei buruz ere, bereziki:

  • Ordezko piezak eskuratzea 
  • Konponketari eta mantentze-lanei buruzko informazioa eskuragarri egotea 
  • Software eta firmware betekizunak 
  • Desmuntatzea eta birmihiztatzea errazagoa izatea 
  • Saltokietan konpongarritasun-puntuazioak edo informazioa egotea 

Zer produkturen gainekoa da?

Ekimena produktu-talde jakin batzuetara bideratua dago; izan ere, horietan, konpongarritasunak funtsezko zeregina izan dezake produktuen bizitza baliagarria luzatzeko. Prestaketa-azterlanaren aurretiazko emaitzetan oinarrituta, honako hauek dira konpongarritasunaren betekizun horizontal horren eraginpean egon litezkeen produktuetako batzuk, nahiz eta gerora, eragina ebaluatzean, baieztatu beharko diren:

  • Kontsumoko elektronika, hala nola audio- eta bideo-ekipo batzuk, soinean eramateko gailuak eta periferikoak
  • Garraiobide arinak, hala nola bizikleta elektriko jakin batzuk, autoorekatze-gailuak eta patinete elektriko batzuk
  • Etxetresna elektriko txikiak, hala nola sukaldeko tresnak, norberaren zaintzarako gailuak eta antzeko beste etxetresna txiki batzuk

Espero da neurri horren aplikazio-eremutik kanpo gelditzea produktu batzuk —dagoeneko produktu-arau espezifikoek, borondatezko akordioek edo bestelako esparru arauemaile espezifikoek estaltzen dituztenak—, indarrean dagoen legediarekin gainjartzerik gerta ez dadin.

Nork har dezake parte?

Kontsulta edozeinentzat dago zabalik, eta hasiera batean ingelesez dago eskuragarri; laster izanen da ikusgai EBko hizkuntza ofizial guztietan. Ekarpenak EBko edozein hizkuntza ofizialetan aurkezten ahal dira.

Batzordeak dei egiten die herritarrei, enpresei, agintari publikoei, konponketa-profesionalei, kontsumitzaileen elkarteei, ingurumenaren arloko alderdi interesdunei eta gainerako alde interesdun guztiei, beren ekarpenak egin ditzaten 2027ko otsailaren 9a baino lehen (gauerdian, Bruselako orduan).

Aurrekariak

Produktu jasangarrietarako diseinu ekologikoaren erregelamendua  2024ko uztailaren 18an jarri zen indarrean. Esparru bat xedatzen du produktu-talde jakin batzuei diseinu ekologikoko baldintzak ezartzeko, haien jasangarritasuna eta zirkulartasuna hobetze aldera.

Diseinu ekologikoko arauen aplikazio-eremua energiarekin lotutako produktuetatik haratago zabalduta, produktu jasangarrietarako diseinu ekologikoaren erregelamenduak ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa babesten du, eta merkatu bakarraren funtzionamenduari laguntzen dio.