2027an, Foru Komunitateak beste urrats bat emango du toki-erakundeei klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko ekintzetan laguntzeko. 2027rako aurrekontu-proiektuak 650.000 euroko jasotzen du dirulaguntza berri batean, udalerriek hirigintza egokituari, ingurune naturalari, uraren kudeaketari eta osasunaren prebentzioari buruzko ekintzak abian jarri ahal izateko. Baliagarriak izango dira, adibidez, babesleku klimatikoetan eta drainatze jasangarriko sistemetan (DJS) lanean jarraitzeko, edota beren eremu berdeak handitzeko.

Gaur egun, Nafarroako 198 toki-erakundek onartuta dituzte gai honi buruzko plangintza estrategikoak, haien Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan (KEJEP) propioaren bidez. Klima-aldaketari aurre egiteko bide-orri horiek premiei buruzko azterketa xehatua eta eszenatoki berriei aurre egiteko plangintza ezartzen dituzte. Erakunde batzuk hasi dira jada beren planak aplikatzen; beste batzuk jasotako neurriei heltzeko prest daude, eta dozena bat inguru beren osoko bilkuretan dokumentua onartzeko zain daude. Erakunde horiei Pirinioko beste 15 udalerriren eta 3 ibar-batzorderen klima-plangintza gehitzen zaie (LIFE PYRENEES4CLIMA proiektua).

Hori da argazki eguneratua eta Nafarroako Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren IV. Eskualdeko Jardunaldiaren proposamena; ekitaldia ostiral honetan egin da Agoizko kultur etxean. Ituna Europako ekimen bat da, eta toki-eremuko neurrien koordinazioan oinarritutako ekintza global eraginkorra bilatzen du. Une honetan, foro horrek 229 toki-erakunde biltzen ditu, eta horiek, guztira, Foru Komunitateko biztanleriaren % 91,7 hartzen dute. Gaur zehaztu denez, 2027an KEJEP plan bat onartuta duten toki-entitateek lehentasuna izango dute laguntza-lerro berrira jotzeko.

Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria arduratu da jardunaldiari hasiera emateaz, Ángel Unzué Agoizko alkatearekin batera. Kontseilariak azpimarratu nahi izan du Nafarroak bultzada berri bat eman nahi diola klima-ekintzari toki-eremutik. Horregatik, 2027ko aurrekontu-proiektuak laguntza-lerro berri hori jasotzen du, plangintzan egindako ahalegina ekintza zehatz bihur dadin; ekintza horiek energia-eraginkortasuna hobetuko dute, emisioak murriztuko dituzte eta udalerrien egokitzapena indartuko dute. KEJEP plan bat onartuta duten entitateek lehentasuna izango dute laguntza horiek eskuratzeko; izan ere, planifikatzea beharrezko urratsa izan da ekintzara igaro ahal izateko.

Toki-erakundeentzako laguntza berriak klima-aldaketara egokitzeko

Herri bakoitzaren neurrira egindako klima-plangintzaren ondoren —energia-eraginkortasuna, berriztagarriak, mugikortasun jasangarria edo hiri-espazio osasuntsu eta erresilienteagoak sortzea bezalako gaietan—, estrategia bigarren fase batean sartuko da orain. Fase horren helburua Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzak handitzea da, Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan horiek ezartzeko.

Ardatz horretan, hau da, ezarpenean, kokatuko dira dirulaguntza berriak. Laguntzek klima-aldaketara egokitutako hirigintzari (birnaturalizazioa, konektatibitatea, babesleku klimatikoak…) eta ingurune naturalari lotutako lerroetan sartzen diren proiektuak eta obrak finantzatuko dituzte, baita uraren kudeaketa integrala eta drainatze jasangarriko sistemen (DJS) ezarpena ere. Azkenik, klima-aldaketak osasunean dituen ondorioak eta gaixotasunak prebenitzeko ere erabiliko dira. 

Toki-erakundeentzako laguntza hauek lehentasuna emango diete KEJEP plan baten barruan onartuta dauden neurriei, eta Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren mende egongo dira. Zerbitzu horrek arlo honetarako garatzen duen lehen dirulaguntza-deialdia izango da. Zerbitzua Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Foru Legean jasota dago eta 2023an sortu zen.  KEJEP planak eta ituna barne hartzen dituzten dirulaguntza hauek aldibereko ahaleginak dira Nafarroako Energia eta Klimaren 2050erako Ibilbide Integratuaren Orriaren (ENERKLINA 2050) helburuak lortzeko.

KEJEP: arintze eta egokitzapen planifikatua

Gaur egun Klima eta Energiarren aldeko Alkateen Ituneko kide diren 229 toki-erakundek Foru Komunitateko biztanleriaren % 91,7 hartzen dute. Foro hau Europar Batasunean 2050erako “klima-neutraltasun” estatus bat lortzeko ekimen bat da, berotegi-efektuko gasak (BEG) gutxituz energia-eraginkortasunaren hobekuntzari eta energia-iturri berriztagarrien erabilera handiagoari esker. Klima-aldaketa arintzea da helburua, eta, aldi berean, energia-pobreziaren aurka borrokatzea trantsizio justu baten bidez.

Baina, horrez gain, fenomeno horren ondorioetara egokitzeko neurriak sortzeko foroa ere bada, Nafarroako toki-erakundeen arteko topaketarako, ikaskuntzarako eta lankidetzarako gunea hain zuzen. 

Baztan, Erronkari, Ollo, Iruñea eta Artaxoan abian jarritako proiektuen bideoak
Gaurko saioan hainbat jardunbide egoki ezagutu ahal izan dira: baso-kudeaketa egokitzailea, suteen prebentzioa, elikadura osasungarria, abeltzaintza estentsiboa, ekonomia zirkularra, permakultura edo herritarrek egindako hiriguneetako tenperatura-neurketak. Gaur partekatu diren proposamenetako sei ikus-entzunezkoetan jaso dira, eta Nafarroako Gobernuaren banaketa-kanaletan daude ikusgai. 

Honako hauek dira ekimenak: Baztanen, elikadura osasungarri eta jasangarria haur-eskolan eta adineko pertsonentzako egoitzan; Erronkarin, ‘Artzain Eskola’; Ollon, etxeko olioa xaboi likido bihurtzea; Iruñean, Trastoteka;  Artaxoan, ‘Elikagaien Basoa’; eta Tafallan ‘Tafalla egokitu’.