Esperientziak trukatzeaz, alokairuaren erregulazioaz, lankidetza publiko-pribatuaz, etxebizitza-parke publikoa babesteaz, hiri-birgaitzeaz aritu dira, besteak beste. 

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria eta Nasuvinsa enpresa publikoko zenbait ordezkari urriaren bukaeran  bildu ziren Vienako Udal Kontseiluko eta Austriako Maizterren Elkarteko langileekin, Austriako hiriburuko bizitegi-multzoaren nondik norakoak ezagutzeko, nazioartean aintzatetsia baita etxebizitza publikoaren arloan.

Nafarroako Gobernua bidaia instituzional bat egin zuen, Vienako eredua bertatik bertara ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko, alokairuaren erregulazioari, lankidetza publiko-pribatuari, etxebizitza-parke publikoa babesteari, hiri-birgaitzeari eta etxebizitza eskuratzeari dagokienez, eta esparru horretan egin dira bilera horiek.

Lan-saioan, jardunbide egokiak izan zituzten hizpide, eta, horrez gain, Alfaro lehendakariordea eta Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile Javier Burón Vienako Udalera joan dira, Georg Niedermühlbichler hiriko Udal Kontseiluko kidearekin biltzeko, Austriako Maizterren Elkarteko (Mietervereinigung Österreichs) lehendakaria baita.

Bileran, aukera izan zuten aztertzeko zer erronka nagusi dituzten administrazio publikoek etxebizitza duina eta eskuragarria bermatzeko, eta nor bere ikuspegiaz mintzatu da zenbait gairi dagokienez, hala nola errentariak eta errentatzaileak babestea, alokairuaren merkatua arautzea eta eskuragarritasun-egoerari epe luzean eustea.

Bilera horretan, Alfaro lehendakariordeak azpimarratu zuen Viena nazioarteko erreferentea dela, eta nabarmendu du nolako balioa duen hirian etxebizitza-politika publikoei eutsi izanak mende batez baino gehiagoz, epe luzerako plangintzak eta esku-hartzearen aldeko apustu iraunkorrak posible egiten baitute bizitegi-eredu onuragarria sortzea, non pertsonen beharrak lehen mailan baitaude, etxebizitzaren merkatu librearen dinamiken aurretik.

Ildo horretan, Alfarok defendatu zuen beharrezkoa dela administrazio publikoen protagonismoa indartzea, Europako herritar askok gero eta zailtasun handiagoak baitituzte etxebizitza eskuratzeko, bereziki gazteek eta errenta ertainak eta baxuak dituzten familiek.

Bisita instituzionala bukatzeko,  ibilbide bat egin zuten Reumannhof udal bizitegi-multzoan barna, eta lan-saio bat egin zuten ere Vienako Wohnpartner zerbitzuarekin, zeina espezializatuta baitago udal-etxebizitzen eraikinetako bizikidetzan, bitartekotzan eta garapen komunitarioan.

Bizitegi-multzoa 1924tik 1926ra bitartean eraiki zen, eta etxebizitza publikoaren ereduaren adibide historikoetako bat da. Multzoan 451 etxebizitza eta espazio komun daude, eta agerian gelditzen da nolako garrantzia eman zaion bizikidetzari eta bizitza komunitarioari.

Bisitan, Nafarroako ordezkaritzak aukera izan zuten ezagutzeko nolako lana egin duen Wohnpartner zerbitzuak auzokideen arteko bitartekotzan, gatazkak konpontzen, egoiliarren partaidetzan eta sare komunitarioak indartzen.

Europako lankidetza, erronka komunei aurre egiteko

Nafarroako Gobernuak borondatea du harreman instituzionalak eta teknikoak indartzeko Europako beste administrazio batzuekin, etxebizitza-politika publikoen garapenean ibilbide sendoa dutenekin, eta testuinguru horretan egin da Vienako bisita.

Esperientzia-trukeak garrantzi berezia du Europako testuinguruan, non bizitegi-kostuak handitzen ari baitira, gero eta zailagoa baita gazteak emantzipatzea, beharrezkoa baita parke eskuragarria handitzea, eta aurre egin behar baitzaie eraikinen birgaitzearen eta deskarbonizazioaren erronkei.