Erregelamenduak bidaiarien eskubideen babesa indartuko du, edozein izanik ere erabilitako garraio mota. Aldeko 652 boto, aurkako 2 boto eta 8 abstentzio jaso zituen.
Onetsitako testuak argitzen du diru-itzulketei buruzko zer arau aplikatu behar diren, bitartekari baten bidez (bidaia-agentziak edo Internet bidezko erreserba-plataformak) erositako hegaldiak ezeztatuz gero. Bidaiariek zenbateko osoa jasotzeko eskubidea izanen dute, bitartekaritza-gastuak barne, hamalau eguneko epean (hegazkin-konpainiak zazpi egun izanen ditu zenbatekoa bitartekoari transferitzeko, eta hark bidaiariari ordaindu beharko dio beste zazpi eguneko epean). Gainera, bitartekariek bidaiariei jakinarazi beharko diete zer baldintzatan itzultzen den dirua, erreserba egiteko unean.
Europako inprimaki bateratua
Bidaiariek inprimaki estandarizatuak erabiltzen ahalko dituzte itzulketak eta kalte-ordainak eskatzeko. Inprimaki horiek eskura daude Europako Batzordearen webgunean, hizkuntza guztietan eta bidaia mota guztietarako. Halaber, garraio-konpainiak emandako inprimaki baliokideak ere erabiltzen ahalko dituzte.
Bidaiari kalteberen eskubideak indartzea
Arau berriek, halaber, desgaitasuna duten pertsonen eta mugikortasun urriko pertsonen eskubideak indartzen dituzte; izan ere, laguntzaile bat dohainik joan daiteke haiekin batera hegazkinean, beharrezkoa bada, autobusez, trenez edo itsasontziz bidaiatzean gertatzen den bezala.
Eskumen gehiago estatuetako erakundeentzat
Estatuetako agintaritzek eskumen gehiago izanen dituzte bidaiarien eskubide-urraketak ikertzeko. Aukera izanen dute motu proprio auditoriak, ikuskapenak edo elkarrizketak hasteko garraiolariekin, bidaiarien erreklamazio bat jaso arte itxaron beharrik gabe.
Hizlariaren adierazpena
Matteo Ricci-k (S&D, Italia), honako hau adierazi zuen: «Bidaiatzea gure bizitzaren parte da. Lanera joateko tren bat hartu, txango bat egiteko autobus bat hartu, etxera bueltatzeko hegazkin bat hartu nahiz oporretara joateko ferry bat hartu, ibilbide horiek beste bidaiari batzuekin batera egiten ditugu. Legedi horrek bidaiarien babesa hobetuko du. Estatuetako agintaritzek lagunduko dute bermatzen ezen enpresek beren erantzukizunak betetzen dituztela auzitegietara jo gabe. Txartelak bitartekarien bidez erosten dituzten bidaiariek beren eskubideei eutsiko diete, eta mugikortasun urriko pertsonentzako laguntza hobetuko da. Gure herritarren eskubideei ematen diegu lehentasuna, hegazkin-konpainien mozkinen aurretik».
Hurrengo urratsak
Eguneratutako arauek Kontseiluaren onespen formala jaso behar dute oraindik, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Ondoren, 2027ko urriaren 23tik aurrera aplikatuko dira (aireko bidaiarien eskubideei buruzko erregelamenduarekin batera).