Nasuvinsa Lursareak SUDOEBIO4RES Europako proiektuaren barnean garatutako prestakuntza-materialak aurkeztu ditu, helburu dutenak baso-biomasaren aprobetxamendu jasangarrian trebakuntza teknikoa hobetzea.

Urriaren 20an, asteartearekin, ‘Biomasa 360º Nafarroan’ jardunaldiaren bigarren edizioa egin da Odietan. Ekimen hori Nafarroako Gobernuak bultzatzen du, Nasuvinsa Lursarearen laguntza teknikoarekin, Nafarroako Biomasaren Bulegoaren eta BIO4RES Europako proiektuaren esparruan. Topaketan hainbat ordezkari bildu dira, administrazio publikoetakoak, toki-erakundeetakoak, basogintzaren sektorekoak, larrialdi-zerbitzuetakoak eta kontsumitzaileen ordezkariak, hausnartzeko nolako potentziala duen biomasak trantsizio energetikorako, basoen kudeaketa jasangarrirako eta lurralde-garapenerako.

Klimaren Asteko programazioaren barnean egin da topaketa, eta Odietako alkate Alberto Urdánizek eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujok inauguratu dute.

Sarrerako hitzaldian, nabarmendu dute beharrezkoa dela eredu energetiko jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egitea, eta tokiko baliabide berriztagarrietan oinarrituriko konponbideak bultzatzea, Nafarroarako onurak sortuko dituztenak ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetan.

Biomasa, aukera aparta

Jardunaldiaren lehen zatian, aztertu da nolako zeregina duen biomasak, hainbat ikuspegitatik. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendari Esperanza Aristuk azaldu du nolako aukerak ematen dituen biomasak deskarbonizazioan aurrera egiteko eta kanpoko mendekotasun energetikoa murrizteko.

Ondoren, Nasuvinsa Lursareko teknikari Nerea Gonzálezek Nafarroako Biomasaren Bulegoak egiten duen lana aurkeztu du. Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak bultzatzen du ekimen hori, Nasuvinsa Lursarearen bidez, baso-baliabideen aprobetxamendu jasangarria sustatzeko, balio-kateko eragileen arteko lankidetza errazteko eta biomasari loturiko proiektu berriak sustatzeko Nafarroan.

Bere hitzaldian, azaldu du zer ekintza nagusi egin dituen Bulegoak hainbat arlotan, hala nola aholkularitza teknikoa, sektorea dinamizatzea, dibulgazioa, prestakuntza, eta baso-biomasa erabiltzeko interesa duten erakunde publiko eta pribatuei laguntzea.

Prestakuntza eta plangintza

Jardunaldiaren bloke nagusietako bat baso-trebakuntzari buruzkoa izan da, funtsezko tresna baita baso-baliabideak tokiko garapen-aukera bilakatzeko.

Testuinguru horretan, Nasuvinsa Lursareko teknikari David Candelek SUDOEBIO4RES Europako proiektuaren esparruan garatutako prestakuntza-materialak aurkeztu ditu, zeinak bideratuta baitaude profesionalen, toki-erakundeen eta basoko biomasaren aprobetxamendu jasangarrian interesa dutenen trebakuntza teknikoa hobetzera.

Prestatutako gidak eta materialek helburu dute ezagutzaren transferentzia erraztea eta sektorea profesionalizatzen laguntzea, baso-kudeaketa aktiboa eta jasangarria izan dadin eta lurraldearen egungo erronkei erantzuteko gai izan dadin.

Bestalde, Agresta enpresak proiektu horren esparruan egindako bideragarritasun-azterketa aurkeztu du, Zaraitzu eta Erronkariko ibarretan biomasa aprobetxatzeari buruzkoa. Lan horretan, eskuragarri dauden baso-baliabideak eta biomasaren mobilizazio jasangarrirako aukerak aztertu dira bi ibar horietan.

Ondoren, Nafarroako Gobernuko Basoak Kudeatzeko Ataleko buru Elena Baezak hartu du hitza, eta azaldu du nolako erronkak dituen baso-kudeaketa egokitzaileak klima-aldaketaren testuinguruan. Halaber, Nafarroako toki-erakundeetako basoen egur-mobilizazioari buruzko datuak aurkeztu ditu. Azaldu duenez, Nafarroan batez beste 389.000 metro kubiko egur mobilizatzen dira urtean, eta baso-plangintzako tradizio handia du.

Erronka komunak identifikatzea

Jardunaldia bukatzeko, mahai-inguru bat egin da, “Ikuspegi desberdinak, erantzukizun bera: kudeaketa, egurra, kontsumoa eta prebentzioa” izenburuaren pean, eta hainbat ordezkarik parte hartu dute: toki-erakundeetako ordezkariek, baso-jabeek, kudeatzaile publikoek, basogintzaren sektoreko langileek, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetakoek eta biomasa-kontsumitzaileek.

Espazio horren helburua izan da balio-katearen ikuspegi guztiak bateratzea eta eragileen arteko elkarrizketa bultzatzea, identifikatzeko zer erronka eta aukera nagusi dituen Nafarroak baso-kudeaketari, baliabideen mobilizazioari, biomasaren hornidurari, suteen prebentzioari eta erabilera eta kontsumitzaile berriak sortzeari dagokienez.

Eztabaidan zenbait behar daudela ondorioztatu da: mendien kudeaketa aktibo handiagoa bultzatzea, eragileen arteko kooperazioa indartzea, eta sektorearen prestakuntzaren eta profesionalizazioaren alde egitea, Nafarroako baso-baliabideen potentziala aprobetxatzeko.

Arratsaldean, bisita tekniko bat egin da Ezkabarteko suteak eragindako eremura, eta bertaratuek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte topaketan landutako erronketako batzuk, baso-kudeaketarekin eta suteen prebentzioarekin loturikoak.