Proposamenak aldeko 558 boto, kontrako 23 boto eta 73 abstentzio jaso ditu.
Urriaren 20an, asteartearekin, Parlamentuak gomendio batzuk onetsi zituen EBn abiadura handiko trenaren bidezko konektagarritasunaren garapena bizkortzeko eta lurralde-kohesioa hobetzeko.
Proposamenak aldeko 558 boto, kontrako 23 boto eta 73 abstentzio jaso zituen, eta 2025eko azaroan onetsitako Batzordearen ekintza-plan bati erantzuten dio. Hartan, abiadura handiko benetako trenbide-sare interoperagarri, berritzaile, irisgarri eta intermodal baten alde egiten da, benetan baliagarria izan dadin herritarrentzat eta inbertsio publikoarentzat.
Hiri eta eskualdeen arteko lotura hobea
Europako Parlamentuaren asmoa da abiadura handiko trenak, EBko hiriburuak lotzeaz gain, Europako eskualde guztietako eta inguruko herrialde giltzarrietako hiriguneak ere lotzea, abiadura handiko trenaren zuzeneko zerbitzuen bidez nahiz abiadura handiko trenbide-sarearekin loturiko konexio eraginkorren bidez. Eurodiputatuen arabera, horrek lagunduko luke lurralde-desberdinkeriak murrizten eta eskualde periferikoen eta gutxien garatutakoen konektibitatea indartzen.
Txostenean defendatzen denez, beharrezkoa da Europan barnako garraio-sarea (TEN-T) bukatzea eta identifikatzea falta diren loturak, abandonatuta edo zaindu gabe dauden tarteak, edo balio erantsi handia duten mugaz gaindiko konexioak.
Finantzaketa nahikoa, aurreikusgarria eta epe luzekoa
Parlamentuak nabarmendu du garrantzitsua dela sektoreak ahalik eta gehien aprobetxatzea EBren funtsak, oraingoak nahiz etorkizunekoak, abiadura handiko trenbide-sarea garatzeko. 2028-2034 urte anitzeko finantza-esparruak finantzaketa egokia eta espezifikoa berma dezan nahi dute, besteak beste, «Europa Konektatu» (CEF) mekanismoari eutsiz eta hura indartuz, eta inbertsioei lagunduz estatuetako planen bidez.
Tren-txartel eskuragarriak eta gardenak
Eurodiputatuek adierazi dutenez, “tren-zerbitzu irisgarriak eta eskuragarriak funtsezkoak dira garraio-pobrezia gutxitzeko eta EB guztian berdintasunezko mugikortasuna bermatzeko”. Herrialdeak eta tren-operadoreak animatzen dituzte abiadura handiko tren-txartelak eskuragarriago egitera, besteak beste, tarifa merkeak ezarrita eta tarifa murriztuen edo abonuen sistemak erabilita. Txostenak, halaber, gardentasun handiagoa eskatzen du txartelen prezioak finkatzeari dagokionez, eta pozik hartu ditu “bidaiarien paketeari” buruz abian diren legegintza-lanak, Batzordeak duela gutxi proposatutakoari jarraikiz. Espero da haren bidez tren-txartel interoperagarriak, ikusgarriak, eskuragarriak eta erraz konparatzeko modukoak eskaintzea.