Lurralde bakoitzaren ordezkariek sinatu dute dokumentu hori: ANEL (Nafarroa), Konfekoop (EAE) eta Cress (Akitania Berria).

Nafarroak, EAEk eta Akitania Berriak mugaz haraindiko lankidetza bultzatzeko konpromiso bateratua sinatu dute, Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren Mugaz Haraindiko III. Topaketan; Iruñeko Coalea zentroan egin da topaketa, urriaren 21ean, asteazkenarekin.

Hala, hiru elkarteek babestu dute erakundeen eta enpresen arteko lankidetza indartzea; esperientziak trukatzea, lehiakortasuna, berrikuntza eta erresilientzia bultzatzeko; ekintzailetza kolektiboa sustatzea; analisiarekin lankidetzarako aukerak identifikatzea; eta topaguneetan ekimen bateratu berriak bultzatzea. Ignacio Ugaldek (ANEL), Rosa Lavínek (Konfekoop) eta Stéphane Montuzetek (Akitania) sinatuko dute konpromiso hori.

Mugaz haraindiko behatokia

Ekitaldian izan dira Carmen Maeztu, Ekonomia Sozialeko kontseilaria, eta Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria. Maeztuk azpimarratu duenez, “datu partekatuak izateak aukera emanen du kooperatibismo-politika eraginkorragoak diseinatzeko eta inguruko lurraldeetan funtzionatzen duen horretatik ikasteko”.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, azpimarratu du garrantzitsua dela Nafarroaren aurrerapenaren alde lanean jarraitzea, “lankidetzaren eta auzolanaren” Europa honetan. Balioetsi egin du topaketa finkatu izatea; hala, NUPen hasi zen, Bordelen jarraitu zuen eta asteazken honetan Iruñera itzuli da.

Gizarte-ekonomiako erakundeak

Nafarroak gizarte-ekonomiako 3.000 enpresa eta erakunde baino gehiago ditu, 1.600 kooperatibatik gora, eta beste 112 sortu ziren 2025ean. “Nafarroak du Espainiako biztanleko kooperatiba-sorkuntza tasarik handiena. Aurtengo irailera arte beste 81 eratu ziren”, nabarmendu du Ugaldek. Horietan, emakumeak dira ekintzaileen % 42, eta jatorri migrantea dutenak, berriz, % 35. Hirutik bat herri txikietan ezarri da. Horrela, gizarte-ekonomiak Nafarroako BPGaren % 10,6 eta enpleguaren % 12,8 ematen ditu dagoeneko.

Lurraldea gehiago ezagutzea

Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek gidatu du politika publikoak eta mugaz haraindiko lankidetza eraldatzeko elkarlanari buruzko mahaia. Bertan parte hartu dute Iñaki Mendiorozek, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak; Jokin Díazek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko zuzendariak, eta Mathieu Bergék, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Europako Lurralde Lankidetzarako, Euroeskualderako, Portuetarako eta Aireportuetarako kontseilari ordezkariak.

% 65 EBk kofinantzatua

Jardunaldia egin da Gizarte Ekonomiaren Mugaz Haraindiko Behatokiaren (OTESS) esparruan; Europako proiektu bat da, eta ANELek koordinatzen du. 2027 amaieran, hiru lurraldeetako enpresei, enpleguari eta ekintzailetzari buruzko informazioa bilduko du datu-base komun batean. Gizarte Ekonomiaren Mugaz Haraindiko Behatokia (OTESS) proiektuaren % 65 Europar Batasunak finantzatzen du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren esparruan.