Europako gobernu nazionalen ordezkariak lanean arituko dira, urriaren 19tik 30era, 2030erako helburuak aurreratzeko.

Europar Batasuneko estatu kideak Erevanen (Armenia) elkartu dira biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen konferentziaren karietara (Biodibertsitateari Buruzko Hitzarmeneko COP17a), 2026ko urriaren 19tik 30era, 2030erako biodibertsitate-helburuak betetzeko atzerapena murrizten saiatzeko. Erevanen, Eskualdeetako Lantaldearen ordezkaritzak nabarmendu du zer ekarpen egin duten EBko hiri eta eskualdeek natura babesteko, ekosistemak lehengoratzeko eta munduko agendak aplikatzeko, biodibertsitatearen, uraren eta klimaren arloko gaietan.

2022an, Kunming-Montrealeko Biodibertsitatearen Mundu Esparrua onetsi zen. Hartan, asmo handiko helburu batzuk ezarri ziren mundu mailan, helburu nagusitzat hartuta degradatutako ekosistema guztien % 30 leheneratzea, eta lurraren, barneko uren eta itsasoko eta kostaldeko eremuen % 30 kontserbatzea. Hala ere, lehen berrikuspen globalaren mezua argia da: mundua ez dago biodibertsitatearen galera iraultzeko bidean, eta 2030erako ezarritako 23 helburuak betetzeko bidean, ez da nahikoa aurrerapausorik egin.

Biodibertsitatearen Mundu Esparruan tokiko eta eskualdeko gobernuen garrantzia aitortu da esplizituki. Horrela, Eskualdeetako Lantaldeak espero du Biodibertsitateari Buruzko Hitzarmenaren COP17ak indartzea tokiko eta eskualdeetako gobernuek hartua duten konpromiso formala, bai biodibertsitatearen arloan nazioan zertzen diren estrategietan eta ekintza planekiko bai prozesuarekiko ere. Eskualdeetako Lantaldeko bi kidek ordezkatu dituzte EBko eskualdeak eta hiriak Erevanen: Kostas Bakoyannis (EL/EPP), Atenaseko Udaleko zinegotzia eta Eskualdeetako Lantaldeko Ingurumen, Klima Aldaketa eta Energia Batzordeko (ENVE) presidentea, eta Roby Biwer (LU/PES), Bettembourgeko Udaleko zinegotzia.

Laguntza finantzarioa eta teknikoa

Urriaren 24an, Nazioz Azpiko Gobernuen eta Hirien 9. Goi Bilera egin zen Erevanen. ENVE Batzordeko presidente Bakoyannis-ek hitza hartu duenean azpimarratu du behar-beharrezkoa dela laguntza finantzario eta tekniko egokia bermatzea biodibertsitatearen arloko nazioz azpiko ekintzetarako. Horrez gain, bi aste besterik ez dira falta Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren (UNFCCC) COP31 hasteko, Turkian. Horren harira, Bakoyannisek gai hauei buruzko politiken arteko lotura indartzeko eskatu du: biodibertsitatea, klimaren aldeko ekintza, erresilientzia hidrikoa, lurrak lehengoratzea eta garapen jasangarria.

 Urriaren 26an, Eskualdeetako Lantaldeak ekitaldi paralelo bat antolatu zuen Erevanen, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearekin batera. Hartan, Roby Biwer-ek, irekiera-hitzaldi hau eman zuen: Naturarekin bakean bizi diren nazioz azpiko gobernuak eta gizarte zibileko erakundeak: oparotasunerako mundu bidea. Horrez gain, informazio-saio bat egitea aurreikusita zegoen, zeinetan parte hartzekoak baitziren Europako Batzordearen negoziatzaile nagusia, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldea, eta Europako Parlamentuaren ordezkariak. Azken egunetan, Eskualdeetako Lantaldearen ordezkaritzak bilera egin du tokiko eta eskualdeko ordezkari batzuekin —Kalifornia, Erevan, Quebec, Île-de-France, Eskozia, Paraná eta Berlingo ordezkariekin— baita gako-erakunde batzuekin ere, hala nola Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunarekin (NKNB).

Nazioz azpiko gobernuek biodibertsitatearen arloan duten egitekoak gero eta aitortza handiagoa du. Horren erakusgarri da, Eskualdeetako Lantaldea COP17aren goi mailako bileretan parte hartzera gonbidatu izana aurten lehenengo aldiz. Bilera horietan elkartuko dira ministroak, nazioarteko erakundeetako buruak, finantza-erakundeak eta herri indigenen, tokiko komunitateen, gizarte zibilaren eta sektore pribatuaren ordezkariak.

Informazio gehiago