Urriaren 31ra arte, irekita dago Robert Schuman beketara aurkezteko deialdia.

Urriaren 31ra arte, irekita dago Robert Schuman beketara aurkezteko deialdia. Otsailean/martxoan hasiko dira bekak, eta bost hilabeteko iraupena izanen dute. Eskatzaileek unibertsitate-titulua izan behar dute, gutxienez praktikaldia hasi baino hiru hilabete lehenago eskuratua. Europako Parlamentuak 514 plaza eskaintzen ditu deialdi honetan; horietatik 141 komunikazio arlokoan. Plazetako bat Europako Parlamentuaren Bartzelonako bulegoan bete beharko da, otsailaren 1etik ekainaren 30era bitartean.

Europako Parlamentuak urtean bi deialdi egiten ditu unibertsitateko graduatuei zuzendutako praktikaldietarako. Schuman bekek aukera ematen dute ikasketetan eskuratutako ezagutzak osatu, eta EBren eta, bereziki, Europako Parlamentuaren jarduna ezagutzeko. Hainbat espezialitatetako graduatuei zuzendutako bekak dira; besteak beste, komunikazioa, zuzenbidea, itzulpena eta interpretazioa, administrazio-lanak eta informazioaren teknologiak.

Lau komunikazio plaza

Europako Parlamentuaren Espainiako bulegoek lau komunikazio-plaza eskaintzen dituzte: bat Bartzelonan eta hiru Madrilen. Praktika horiei esker, bekadunek aukera dute prentsa-bulegoetako zereginak ezagutzeko, eurodiputatuekin harremanetan egoteko eta gertutik ezagutzeko Europako Parlamentuaren egunerokotasuna. Eskuragarri dauden praktika-eskaintza guztiak eta baldintzak kontsultatzen ahal dira Europako Parlamentuaren praktikaldien eskaintzen orri nagusian. Garrantzitsua da curriculum vitaea Europass formatuan aurkeztea.

Bekek bost hilabeteko iraupena dute, martxoaren 1etik uztailaren 31ra, eta luzatzeko aukera dago (1-3 hilabete gehiago). Bartzelonako bulegoaren kasuan, otsailaren 1etik ekainaren 30era izanen da beka.

Hautagaiek hiru beka-eskaintzatarako eskabideak aurkez ditzakete, gehienez, aldi bakoitzeko. Hemen kontsulta dezakezu eskabide- eta hautaketa-prozesuari buruzko informazioa.

Deialdia zabalik dago urriaren 1etik urriaren 31ra, gauerdira arte. Praktikaldia Bruselan edo Luxemburgen egiten dutenek 1.889 euroko ordainsaria izanen dute hileko. Espainian, berriz, 1.745,44 eurokoa izanen da (urtero eguneratzekoa, betiere urtarrilaren 1ean). Aukera izanez gero, Estrasburgorako bidaia bat ere barne hartzen du bekak, erakundearen osoko bilkura bateko administrazio-zereginetan edo informazio-kudeaketan aritzeko.

 Baldintzak

  • Praktikaldia hasteko egunean 18 urte beteak izatea.
  • Europar Batasuneko estatu kide bateko edo hautagai den edo atxikitzeko bidean dagoen herrialde bateko nazionalitatea izatea. Hala ere, agintaritza eskudunak beka-kopuru mugatu bat eskaini ahal izanen die beste herrialde batzuetako herritarrei;
  • Estatu kideetako herritarren kasuan: Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat sakon ezagutzea eta Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial bat oso ongi jakitea;
  • Hirugarren estatuetako herritarren kasuan: ingelesa, frantsesa edo alemana ongi jakitea;
  • Unibertsitate-mailako titulu bat izatea, beranduenez praktikaldia hasi baino hiru hilabete lehenago lortua;
  • Europar Batasuneko erakunde edo organoren bateko zerbitzuren batean bi hilabetez jarraian barneko praktikaldirik egin ez izana (ordaindua nahiz ordaindu gabea), edo egiten ez egotea (Europako Parlamentuko edo Europako Parlamentuko talde politiko bateko diputatuekin egindako praktikaldiak barne);
  • Praktikaldia hasi baino sei hilabete lehenago ikasketa-bisitarik edo ikerketa espezifikoetarako bisitarik egin ez izana;
  • Europar Batasuneko instituzio edo organo batean bi hilabetez baino gehiagoz –elkarren segidan– jardun ez izana edo jarduten ez aritzea, ez eta aldi baterako agente, kontratu-agente, kontratupeko agente laguntzaile edo bitarteko agente gisa, Batasuneko erakunde edo organo bateko zerbitzu-eginkizunetako aditu nazional gisa edo Europako Parlamentuko diputatu baten laguntzaile gisa ere.
  • Praktika-eskaintza bakoitzaren deskribapenean zehaztutako beste irizpide batzuk betetzea.

Bartzelonan eskainitako plaza

Beste deialdi batzuk

Europar Batasuneko erakunde eta organismo askok praktikaldi-deialdiak egiten dituzte aldian-aldian. Besteak beste, era horretako deialdiak egiten dituzte Europako Parlamentuak, Europako Batzordeak, EBko Kontseiluak, Europako Banku Zentralak, Eskualdeetako Lantaldeak, Europako Inbertsio Bankuak, Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldeak, Europako Arartekoak, Europako Kontuen Auzitegiak eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak.