Espainiak parte hartzen du, eta Alemaniak koordinatzen du.
Europako Batzordea pozik dago Espainiak eta beste 18 estatu kidek Europako interes erkideko AAren lehen proiektu garrantzitsua sortu eta, estatu-laguntzei buruzko arauen arabera, aldez aurretik jakinarazi dutelako. Proiektuaren xedea da adimen artifizialeko zerbitzu deszentralizatu eta sarbide komuneko batzuk garatzea.
Europako interes erkideko AAren proiektu garrantzitsu honek adimen artifizialaren espektro osoa hartzen du, eta helburu du AAko eta kudeaketa informatikoko teknologia eta aplikazio aurreratu eta berritzaileak garatzea, bai eta dagokion sektorean teknikaren egungo egoera gainditzen duten industria-produktu eta -zerbitzuak garatzea ere. Halaber, aurrerapen teknologikoak bultzatzea eta Europaren subiranotasun digitalari laguntzea izanen du helburu, horrela Europa AAko berrikuntzan lider bihurtuz eta balio-katea indartuz, garapen teknologikotik hasi eta teknologia hori erabili arte.
Ekintza-plana
Horrela, lortu nahi da EB AAren munduko lider bihurtzea, Batzordearen “AAren kontinentea” ekintza-planean, AA aplikatzeko estrategian eta Hodei-konputazioa eta adimen artifiziala garatzeko lege-proposamenean ezartzen den bezala.
19 estatu kidek (Alemania, Austria, Belgika, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Luxenburgo, Herbehereak, Polonia, Errumania eta Suedia) diseinatu dute Europako interes erkideko AAren proiektu garrantzitsua, eta Alemaniak koordinatzen du.
Diseinurako laguntza-zentroa
Batzordeak babestu du ahalegin hori, Europako interes erkideko proiektu garrantzitsuen diseinurako laguntza-zentroaren bidez. Zentro hori 2025eko apirilean sortu zen, eta, bertan, Batzordearen zerbitzuek proiektuetarako estatu-laguntzen jakinarazpena prestatzen laguntzen diete estatu kideei, EBko araudia hasieratik betetzen dela bermatzeko. Horrek estatu-laguntzen jakinarazpena azkarrago izapidetzeko aukera eman beharko luke.
Europako interes erkideko AAren proiektu garrantzitsuaren esparruan, zuzeneko parte-hartzaileei estatu-laguntzak emanen dizkieten 11 estatu kideek iragarri dute 2026ko irailean hasiko direla proiektuak Batzordeari jakinarazten. Ondoren, Batzordeak ebaluatuko du proiektuek betetzen ote dituzten Europako interes erkideko proiektu garrantzitsuei buruzko komunikazioan ezarritako onargarritasun- eta bateragarritasun-irizpideak.