FEIk 25 milioi euro arteko ekarpena eginen du PYXIS Entertainment Ventures enpresaren European Movie Boost Up Fund funtsean, Europan ikus-entzunezko edukien ekoizpena babesteko eta bultzatzeko.

Europako Inbertsio Funtsak (FEI), Europako Inbertsio Bankuaren Taldeko (BEI Taldea) kidea baita, 25 milioi euro jarriko ditu, gehienez ere, aingura-inbertitzaile gisa PYXIS Entertainment Ventures (PYXIS EV) enpresaren European Movie Boost Up Fund funtsean. Funtsaren xedea da 85 milioi euro biltzea, Europako ikus-entzunezko edukien garapena eta ekoizpena finantzatzeko. Donostiako Zinemaldian egin da sinadura-ekitaldi ofiziala, eta mugarri handia izan da Europako aktibo alternatiboen finantzaketari dagokionez.

Finantzaketa mobilizatuz

MediaInvestek babesten du FEIren inbertsioa; MediaInvest kokatzen da InvestEU programaren esparruan, eta Europa Sortzailea Mediaren laguntza du. Inbertsio horrek Europako ikus-entzunezko sektorearen finantzaketa-defizita konpontzen lagunduko du. Bide batez, ekoizleei jabetza intelektualeko eskubideen titulartasuna mantentzen ere lagunduko die, eta Europako ekoizpenen mundu mailako lehiakortasuna indartuko du.

PYXIS EV-k kapital bidezko finantzaketa emanen die Europako zinema-ekoizleei eta animazio-estudioei, proiektuak garatzeko nahiz ekoizteko faseetarako; batez ere, balio erantsi handiko proiektuek garapenetik eskala handiko ekoizpenera jauzi egiten duten unerako. Fase kritiko horretan kapital instituzionala jarrita, funtsak lagunduko du kalitate handia eta mundu mailako proiekzioa izanen duten eduki europarren ekoizpena eta merkaturatzea bizkortzen. Horretarako, PYXIS EVk aukera ematen die Europako sortzaileei epe luzeko balioa sortzeko eta ikus-entzunezko edukien katalogo jasangarria osatzeko; horrek, aldi berean, film luzeen lehiakortasuna hobetuko du mundu mailan.

Sortzaileekin, nazioarteko salmenta-agenteekin eta irismen globaleko banaketa-bazkideekin lankidetza estuan dihardu funtsak. Horrela, komertzialki bideragarriak diren Europako edukiek beren ahalmen osoa erdiets dezaten laguntzen du EBren barrenean eta kanpoan, eta nazioarteko ustiapen-eskubideen salmentak optimizatzen ditu.

Europako kultura- eta sormen-sektoreendako laguntza

PYXIS EVk InvestEUren inbertsio-arloko helburuei laguntzeaz gain —arlo hori sektore digitalean, kulturalean eta sormenean zentratzen da—, MediaInvest ekimenaren helburuei ere laguntzen die, Europako ikus-entzunezko industrian inbertsio pribatua mobilizatuz. Zehazki, bat dator bi ekimen horien xede nagusiarekin, bultzatzen baititu Europako kultura- eta sormen-sektore dinamikoen hazkundea, lehiakortasuna, independentzia digitala eta nazioarteko ikusgaitasuna.

Informazio gehiago