Abenduan, 250 milioiko hasierako esleipena iragarri zen, eta urte hasieran, 169 milioi euroko beste esleipen bat. Osagarri hau zenbateko horiei batuko zaie.
Europako Batzordea areagotzen ari da estatu kideen droneen aurkako gaitasunei ematen dien laguntza, eta 130 milioi euro gehiago emanen ditu Mugak eta Bisak Kudeatzeko Tresnaren esparruan, urriaren 1eko Justizia eta Barne Arazoetarako Kontseiluan iragarri zen bezala. EB ahalegintzen ari da mugen zaintza indartzen eta segurtasunerako sortzen ari diren mehatxuen aurreko erantzunak hobetzen, eta horren erakusgarri da osagarri hau.
2025eko abenduan, 250 milioiko hasierako esleipena iragarri zen, eta urte hasieran, 169 milioi euroko beste esleipen bat, zaintza-droneak eta loturiko ekipoak finantzatzeko, Frontexen (Mugen eta Kostaldeen Guardiako Europako Agentzia) eta estatu kideetan erabil daitezen. Orain iragarritako finantzaketa zenbateko horiei batuko zaie. Hortaz, 500 milioi euro baino gehiago erabiltzen ahalko dira droneen aurkako zaintza eta teknologia finantzatzeko, Barne Arazoetako funtsen esparruan.
Finantzaketa horri esker, estatu kideek aukera izanen dute egoera hobeki ezagutzeko, kanpo-mugak hobeki babesteko, eta droneen baimendu gabeko edo etsaitasunezko jarduerarekin loturiko arriskuei heltzeko. Horrekin, Batzordearen helburu zabalago bat erdietsi nahi da: estatuetako agintaritzei tresna modernoak ematea EBko kanpo-mugak indartzeko eta barne-segurtasuna handitzeko.
Batzordearen etengabeko ekintzan oinarritzen da, EBk droneen arloan eta droneen aurkako borrokaren arloan dituen gaitasunak indartzeko. Otsailean, Batzordeak ekintza-plan bat abiarazi zuen –Droneen segurtasunari eta droneen aurkako borrokari buruzko EBren Ekintza Plana–, aire-espazioa eta azpiegitura kritikoak babesteko droneen asmo txarreko mehatxuen aurrean. Plan horretan aurreikusita dago droneen aurkako bikaintasun-zentro bat sortzea, droneen aurkako borroka-sistemetan berrikuntza sustatzeko.
Europako Defentsa Funtsaren esparruan estatu kideentzat eskuragarri dagoen finantzaketa ere osatzen du, droneen teknologia aurreratuak garatzea eta droneen aurka borrokatzea helburu. Halaber, Europako Segurtasunaren aldeko Ekintza (SAFE) izeneko programaren bidez, estatu kideek drone-sistemak eta droneen aurkako sistemak batera erosteko konpromisoa hartu zuten.