Batzordeak Energia Batasunaren 2025eko egoerari buruzko txostena eta Klimaren aldeko Ekintzaren 2025eko egoerari buruzko txostena argitaratu ditu.

Txostenek EBk Energiaren Batasun solido eta integratua lortzeko trantsizioan egindako urrats garrantzitsuak erakusten dituzte: energia garbiagoa lortzeko trantsizioan energia berriztagarri gehiago txertatzeko egindako aurrerapenak, energiaren prezio altu eta aldakorrei eta eskuragarritasunaren gaiari heltzea, eta berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak are gehiago murriztea. Lan horrek guztiak lehiakortasuna eta deskarbonizazioa areagotzen ditu, energiaren segurtasuna eta independentzia indartzen ditu eta EBk inportatutako erregai fosilekiko duen mendekotasuna murrizten du.

Txostenek berriz ere berretsi dute EB ongi doala 2030erako klima-helburua betetzeko, hau da, berotegi-efektuko gasen emisio garbiak gutxienez % 55 murrizteko 1990eko mailekin alderatuta. 2024an % 2,5 murriztu ziren 2023arekin alderatuta. Txostenetan, halaber, EBk Europa barneko eta munduko erronken bilakaerari nola heldu dion azaltzen da, eta energia garbi eta merkearen eta emisioak murrizteko etengabeko ahaleginen garrantzia nabarmentzen da, EBren segurtasuneko, energia-independentziako, lehiakortasunerako eta klima-neutraltasuneko helburuak lortzeko.

Epe luzera, jatorri nazionaleko energia garbia sortzearen eta energia-efizientzia handiagoaren aldeko apustua egiten duen benetako Energiaren Batasunak are gehiago murriztuko du EBk erregai fosilen inportazioekiko duen mendekotasuna, energiaren prezioak murriztuko ditu eta helburu klimatikoak lortzen lagunduko du.

Energia Eskuragarrirako Ekintza Plana eta Industria Garbiaren Ituna bide onetik doaz, eta oraindik ere erabakigarriak dira gure industriei eta kontsumitzaileei epe laburrean zein luzean laguntzeko. Hala ere, Europako energiaren batez besteko prezioek gure lehiakideenak baino handiagoak izaten jarraitzen dute, eta oso desberdinak dira EBko estatu kide batetik bestera; horrek industriaren eta, oro har, ekonomiaren eragile nagusien lehiakortasuna oztopatzen du. Egoera ikusita, Batzordea ahalegin handiagoa egiten ari da energiaren prezioak murrizteko, industriei eta kontsumitzaileei arintze azkar eta iraunkorra emateko funtsezko zazpi ekintza oinarri hartuta. Erabateko lehentasuna da EBrentzat eta estatu kideentzat.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu online prentsa oharra eta galde-erantzunen orria.