Copernicus Sentinel-1D satelitea arrakastaz jaurti zuten azaroaren 4an, Ariane 6 suziri batean, Europako Kourou portu espazialetik (Guyana Frantsesa). Misioak Lurraren behaketa-sistemarik aurreratuena emanen digu, radarretan oinarrituta, eta gure planetaren bereizmen handiko irudiak eskainiko ditu etengabe, egunez zein gauez, baldintza meteorologikoak edozein direla ere.
Sentinel-1D EBren Programa Espazialaren esparruan eta Europako Espazio Agentziarekin (ESA) lankidetza estuan garatu da, eta Europak radar bidez irudiak lortzeko gaitasunen jarraipena bermatuko du, 2014an martxan jarri zen Sentinel-1A ordezkatuz.
Sentinel-1D satelitearen datuek ingurumenaren jarraipena, itsas zaintza eta larrialdiko erantzunak babestuko dituzte. Radarra lagungarria izanen da petrolio-isurketak, legez kanpoko itsas jarduerak, uholdeak, icebergak, luiziak, jarduera bolkaniko eta sismikoak eta basoak eta nekazal lurrak gainbegiratzeko. Sateliteak Galileorekin bateragarria den hargailu bat ere badu, eta horrek Europaren autonomia eta erresilientzia hobetuko ditu espazioan, nabigazioa independente izatea bermatuko baitu.
Erabat kalibratu ondoren, Sentinel-1D datuak doan bidaltzen hasiko zaie erabiltzaile publiko eta pribatuei, eta horrek indartu eginen du Europak Lurraren behaketari begira munduko lider gisa duen posizioa. Copernicus homologoekin batera, Europa osoan eta Europatik kanpo ingurumena babesteko, segurtasunerako eta hazkunde jasangarrirako ezinbesteko informazioa ematen jarraituko du.
Copernicus EBko Programa Espazialaren osagaia da, zehazki Lurra behatzeaz arduratzen dena.
Sentinel-1 misioaren gaineko informazio gehiago online.