EBko merkataritza-akordioak aplikatzeari eta betetzeari buruz gaur argitaratu den urteko bosgarren txostenaren arabera, Batasuneko merkataritza-akordioen sare zabalak enpresei esportazioetarako merkatu alternatiboak aurkitzen laguntzen die, eta, aldi berean, konplexua den ingurune geopolitikoan mendekotasunak murrizten ditu.
Txostenak 2024a eta 2025eko lehen seihilekoa barne hartzen ditu, eta ondorioztatzen du EBren merkataritza-akordioek Europako operadore ekonomikoen erresilientzia eta lehiakortasuna handitzen dituztela, eta hornidura-katearen dibertsifikazioa eta egonkortasuna babesten dituztela. EB aktiboki ari da lanean merkataritza-akordioen sarea handitzeko. Joan den urtean, EBko lehentasunezko bi akordio berri sartu ziren indarrean: merkataritza libreko akordio bat Zeelanda Berriarekin eta elkartze ekonomikorako hitzarmen bat Kenyarekin. Horrek gaur egun indarrean dauden EBko merkataritza-akordioen guztizko kopurua 44ra igotzen du, lehentasunezko 76 kide komertzialekin.
Merkataritza eta Segurtasun Ekonomikoko komisario Maroš Šefčovič-ek honako hau adierazi zuen: «Merkataritza-akordioei esker, EB erresilienteagoa da erronka geopolitikoen aurrean, hornidura-iturri seguruagoak eta anitzagoak ematen baitizkiete gure inportazioei eta merkatu egonkorrak gure esportazioei. Akordioek, muga-zergak ezabatzeaz gain, arau-koherentzia eta nazioarteko arauak babesten dituzte, eta horrek, aldi berean, operadore ekonomikoen kostuak murrizten ditu. Merkatu-aukera ahalik eta zabalena bermatzea ezinbestekoa da EBko enpresentzat, batez ere kontuan hartuta garai nahasia dela nazioarteko komertzioari begira».
Xehetasunak kontsultatzen ahal dira prentsa-oharrean.