Zerbitzu Digitalen Legearen (DSA) arau berriei esker, ikertzaileek aurrekaririk gabeko sarbidea izanen dute lineako plataforma handien datuetara, haien sistemek gizartean duten eragina aztertzeko. Datuetara sartzeari buruzko egintza delegatua indarrean sartu ondoren atzitu daiteke informazio hori.
Neurri horiei esker, ikertzaile kualifikatuek aurretiaz eskuraezinak ziren plataforma handien eta bilatzaileen datuak atzitzeko eskatzen ahalko dute. Plataformei buruzko datuak funtsezkoak dira, adibidez, gomendio sistemetatik eratorritako arrisku sistemikoak ulertzeko. Halaber, zenbait arriskuri aurre egiten lagunduko dute, hala nola legez kanpoko edukia zabaltzeari eta finantza-iruzurrei; hala, lineako esperientzia seguruagoa bermatuko da erabiltzaileentzat, batez ere adingabeentzat.
Neurri horiek azterketa berriak egiteko aukerak sortzen dituzten arren, enpresen interesak babesteko neurriak ere hartzen dituzte. Plataformen datuak eskuratzeko, Zerbitzu Digitalen Koordinatzaileek eta Zerbitzu Digitalen Legea (DSA) ezartzeaz arduratzen diren agintari nazionalek egindako ebaluazio zorrotza gainditu beharko dute ikertzaileek. Ikertzaileek legeak ezarritako irizpide guztiak betetzen badituzte, eta ikerketa proiektuak garrantzitsuak badira arrisku sistemikoak aztertzeko, hala nola legez kanpoko edukia hedatzea edo osasun mentalean eragin negatiboak izatea, plataformak behartuta daude legez beren datu eskaerak betetzera DSAren esparruan. Zerbitzu digitalen koordinatzaileak dagoeneko ari dira lankidetzan, datuak eskuratzeko eskaerak estatu kide guztietan modu uniformean eta ezarritako epean ebaluatzen direla bermatzeko.