- Mugaz Gaindiko Informazio Jardunaldiek – Empleo Egunak ekimenak, espazio berean, mugaren beste aldean bizi diren eta lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsona guztiei erantzun praktikoak emanen dizkie.
- 2025eko edizioa azaroaren 17an eta 18an izanen da, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen egoitzan, Hendaian.
- LANEAN – AFOMEF POCTEFA europar proiektuaren barruan antolatuko dira, eta Euroeskualdeko herritar eta enpresen zerbitzura dagoen mugaz bestaldeko zerbitzu publiko baten dinamikan sartzen dira.
Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) Mugaz Gaindiko Informazio Jardunaldien – Empleo Egunen hirugarren edizioa antolatuko du azaroaren 17an eta 18an, Hendaian. Topaketa hau Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolatuko du, mugaren bi aldeetako administrazio publikoekin lankidetzan, eta mugaz bestaldeko langileen eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea du helburu.
LEIHATILA BAKARRA HERRITARREN ZERBITZURA
Bi egunez, Euroeskualdeko biztanleek administrazio nagusien ordezkariekin zuzenean elkarrizketatzeko aukera izanen dute: URSSAF, DGFIP, France Travail, LANBIDE, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, GSIN, GSDN, CARSAT, CPAM, CAF, Gipuzkoako Aldundia, Nafarroako Foru Ogasuna.
Leku berean, erantzun zehatzak eta koordinatuak izanen dituzte funtsezko gaiei buruz: fiskalitatea, langabezia, erretiroa, gizarte segurantza, osasun estaldura, tituluen homologazioa edo mugaz bestaldeko telelana.
Aipatutako administrazio batekin edo batzuekin banakako elkarrizketa bat edo batzuk hitzartzeko, webgune honetan hitzordua eskatu besterik ez da egin behar: https://www.smartagenda.fr/pro/euroregion-naen/rendez-vous/?langue
Aurreko edizioek formatuaren eraginkortasuna berretsi zuten: 2024an banakako 250 hitzordu baino gehiago burutu ziren. 150 parte hartzaile baino gehiago izan ziren, eta gehienak hainbat erakunderekin elkarrizketatu ziren.
Sergio Perez Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak hau azaldu du: «Empleo Egunak ekimenak leihatila bakarraren printzipioari helduko dio berriz ere: leku berean, langileak administrazio eskudun guztiekin bil daitezke, haien galderak planteatu eta erantzun argi eta koordinatuak jaso».
Herritarrei laguntza zuzena emateaz gain, jardunaldi hauek administrazioen arteko lankidetza sustatzen dute, eta arazo komunak identifikatzeko eta irtenbide jasangarriak elkarrekin lantzeko aukera ematen diete.
LANEAN – POCTEFA EUROPAKO PROIEKTUAREN EKITALDIA
Empleo Egunak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) ere finantzatutako LANEAN Europako proiektuaren parte dira, eta azken hori INTERREG VI-A POCTEFA 2021-2027 programaren parte. Mugaz bestaldeko enplegurako eremu erraz, inklusibo eta jasangarria finkatu nahi du. Guztira 2.724.013,07 €-ko aurrekontua du, eta horietatik 1.770 608,50 € Europar Batasunetik datoz. Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak azaldu du: «LANEANekin hiru lurraldeetako enpleguaren esparruko eragile publiko nagusiak bilduko ditugu: France Travail, Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, baina baita Cap Emploi, Mission Locale Pays Basque, Bidasoa Bizirik eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Elkarrekin, elkarlanean aritzen gara mugaz bestaldeko lan merkatuaren erronka handiei aurre egiteko».
LANEAN proiektuak hiru ardatz ditu:
- Mugaz bestaldeko lan merkatuaren azterketa partekatua.
- Eragile instituzionalen sare iraunkor bat sortzea.
- Informatzeko eta laguntzeko zerbitzu komunak garatzea, horien artean Empleo Egunak jardunaldiak nabarmentzen direlarik.
Proiektu hori AFOMEF (Aire Fonctionnelle Ouest – Mendebaldeko Eremu Funtzionala) lurralde estrategia integratuaren oinarrietako bat da, eta Euroeskualdeak koordinatzen du. Mathieu Bergék, Akitania Berria eskualdeko mugaz bestaldeko arazoetarako eskualdeko kontseilari delegatuak, ondorio hauek atera ditu: “Empleo Egunak jarraipen eta hurbiltasun dinamika batean sartzen dira bete-betean. Mugaz bestaldeko auziak konpontzeko, administrazio irtenbide koordinatuak proposatzeko eta erakundeen eta herritarren arteko konfiantza sendotzeko esparru zehatza eskaintzen dute. Bere dimentsio praktikotik harago, espazio hauek benetako mugaz gaindiko zerbitzu publikoa gorpuzten dute: Europako biztanleak hurbiltzen dituzte eta eguneroko erronkei erantzun nabariak ematen dizkiete, gure mugaz gaindiko eskualdeari bizia ematen diotenen mesedetan”.