António Costa Kontseilu Europarreko presidentea eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea izanen dira EBren ordezkariak lehenengo EB-Egipto goi-bileran, Bruselan, 2025eko urriaren 22an. Abdel Fattah al-Sisi presidenteak ordezkatuko du Egipto.
Goi bileraren ardatzak aldebiko harremanak eta elkartze politiko eta ekonomikoetan sakontzea izanen dira —EB-Egipto Elkarte Estrategiko eta Globalean ezartzen den moduan—, horrela egonkortasun, bake eta oparotasun partekatuak sustatzeko. Liderrek egungo erronka globalak ere eztabaidatuko dituzte, hala nola Ekialde Hurbileko eta Ukrainako egoera, multilateralismoa, merkataritza, migrazioa eta segurtasuna.
Goi bileraren ondotik, afari informal bat izanen da; EBko estatuburuak eta gobernuburuak izanen dira bertan.
2024ko martxoan, EBk eta Egiptok elkarrekin adostu zuten beren harremana Elkarte Estrategiko eta Integral mailara igotzea, zeinak lankidetzaren eta lehentasun komunen sei zutabe biltzen baititu: harreman politikoak, egonkortasun ekonomikoa, merkataritza eta inbertsioak, migrazioa eta mugikortasuna, segurtasuna, demografia eta giza kapitala. Esparru horietan aitzinera egiteak EBren eta Egiptoren arteko harremanaren potentzial osoa garatzea ahalbidetuko du. Aldebiko elkarrizketa politikoa areagotzeko konpromisoaren parte gisa, erabaki zen bi urtean behin EB-Egipto goi bilera bat egitea, urteroko elkarte batzordeaz gain.
2024an, EB izan zen Egiptoren bazkide komertzial nagusia, eta bere merkataritza osoaren % 22 osatu zuen. EB izan zen, halaber, Egiptoren esportazioen helmuga nagusia (esportazio guztien % 26,5), bai eta inportazioen iturri nagusia ere (guztizkoaren % 19,9). Elkarte Estrategikoak EBren eta Egiptoren arteko lankidetza sendotu nahi du, 2004an adostutako Elkartze Akordioaren Merkataritza Askeko Eremuaren potentziala erabat ezartzeko eta ahalik eta gehien aprobetxatzeko.