Europako Batzordeak EBren kontratazioari buruz 2014an hartutako Zuzentarauen ebaluazioa argitaratu du. Araudiak xedetzat du bermatzea enpresa guztiek kontratazio publikorako bidezko sarbidea izan dezaten, baita, halaber, zergadunen diruaren errentagarritasun hobea lortzea, gardentasuna sendotzea ustelkeria prebenitzeko, eta gastu publiko jasangarri eta berritzaileagoa sustatzea.

Ebaluazioak erakusten duen bezala, Zuzentarauek zati batez baino ez dituzte helburuak bete. Zehazki:

–         ez zuten hobetu ez argitasun juridikoa, ezta malgutasuna ere; arau sektorial berriek konplexutasuna erantsi dute;

–         gardentasunak hobera egin du, eta bikoiztu egin da kontratuen balioa, baina bere horretan diraute oraindik ustelkeria arriskuek, eta datuetako gabeziek zaildu egiten dituzte betetze kontrolak;

–         lehia era anitzetakoa da: murriztu egin dira lizitazioko batez besteko eskaintzak, baina kontratu handiek interes handia pizten dute oraindik, eta ETEek lortzen dute kontratuen % 71 adjudikatzea;

–         mugaz gaindiko zuzeneko parte-hartzea mugatua da oraindik;

–         kontratazio publiko ekologiko, sozial eta berritzaileak aitzina egiten du, baina ez modu berean EB osoan.

EBko agintari publikoek BPGaren % 15 inguru gastatzen dute urtean kontratazio publikoan; besteak beste, energiaren, garraioaren, osasun-laguntzaren eta hezkuntzaren sektoreetan. Gastuaren laurden bat dago EBko kontratazio publikoaren arauen mende; hau da, 616.000 milioi euro urtean batez beste, EBko aurrekontuaren bolumena halako hiru handiagoa. Horrenbestez, arau hauek funtsezkoak dira bermatuko badugu funts publikoak gastatzea eraginkortasunez, gardentasunez eta Europaren helburu estrategikoei jarraikiz.

Ebaluazioa lehen urratsa da kontratazio publikoari buruzko 2014ko Zuzentarauak berrikusteko bidean. Ursula von der Leyen presidenteak berrikuspena iragarri du EBren agenda estrategikoaren zati gisa. Stéphane Séjourné presidenteorde exekutiboak kontratazio publikoaren potentzial izugarri handia nabarmendu du, Europaren inbertsio estrategiaren parte gisa, Europaren lehiakortasuna, erresilientzia eta segurtasun ekonomikoa bultzatzeko.

Linean duzu eskuragarri Batzordearen ebaluazioaren emaitzari buruzko informazio gehiago.