Europako Batzordearen beste txosten batek Europa osoko hezkuntzaren finantzaketan aldaketa positiboa izan dela nabarmentzen du, eta horrek EBren lehiakortasuna bultzatzen du. «Hezkuntzan inbertitzea 2025» izenburupean, txostenak onura ekonomiko eta sozial ugari zehazten ditu, eta erakusten du hezkuntzako inbertsio publikoa suspertzen ari dela COVID-19aren pandemiaren errebesen ondoren, nahiz eta oraindik ez den iritsi krisiaren aurreko mailara. Gorakada horrek Gaitasunen Batasunaren estrategiaren helburuak babesten ditu, eta eskualdeko ekonomiarentzat eta gizartearentzat onura handiak iradokitzen ditu.

Guztira, EBko herrialdeek 806 000 milioi euro gastatu zituzten hezkuntzan 2023an. Hezkuntzako gastua estatuko guztizko gastu publikoaren % 9,6 izan zen, eta Barne Produktu Gordinaren (BPGd) % 4,7 batez beste, nahiz badiren aldeak estatu kideen artean.

Duela gutxi egindako kalkuluen arabera, 2030erako oinarrizko konpetentzietan aski maila balute pertsona gehiagok, Europako herrialdeetako BPGd-a egungo proiekzioak % 8 eta % 10 egiten ahalko luke gora. Gainera, hezkuntza-maila altuagoko pertsonek gehiago irabazteko joera dute: hezkuntza-urte bat gehiagoz, pertsona baten diru-sarrerak % 7 igo daitezke Europan.

EBren gobernantza ekonomikoaren esparru berriak eta Gaitasunen Batasunak atea irekitzen diote hezkuntza-inbertsio estrategikoago bati. Hezkuntzaren finantzaketaren erantzukizun nagusia estatuetako gobernuei badagokie ere, sektore horretan EBren finantzaketak zeregin erabakigarria du eskulan moldagarri eta oso kualifikatuaren garapenean, bereziki trantsizio ekologiko eta digitalerako prestakuntzan. Gutxi gorabehera 148 000 milioi euro bideratu dira hezkuntzara eta gaitasunetara 2021etik 2027ra bitartean, EBren tresnen bidez, hala nola Erasmus+ eta Europako Gizarte Funtsa+. Beste 75.000 milioi euro bideratu dira 2021-2026 aldirako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruko inbertsioetara. Laguntza gehigarria ematen zaio hezkuntza-ikerketari, Horizon Europe programaren bidez.

“Hezkuntzan inbertitu 2025” txosten osoa sarean dago eskuragarri.