EB osoan jarri dira indarrean AAri buruzko Legeak helburu orokorreko adimen artifizialeko ereduen hornitzaileei ezarri dizkien betebeharrak (GPAI).
Horrek gardentasun, segurtasun eta kontu-emate handiagoa ekarriko die merkatuan diren AAko sistemei. Arau horiek berekin dakarte informazio argiagoa eman beharra adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko moduari buruz, baita egile-eskubideen babesaren aplikazio hobea eta adimen artifizialaren garapen arduratsuagoa ere.
Hornitzaileei laguntze aldera, Batzordeak jarraibide batzuk argitaratu zituen, betebeharrak nork bete behar dituen argitzeko. GPAI ereduak honela definitzen dira: 10^23 FLOP baino gehiagorekin entrenatuak daude eta hizkuntza sortzeko gai dira. Gainera, Batzordeak txantiloi bat argitaratu zuen hornitzaileei beren ereduak entrenatzeko erabilitako datuak laburbiltzen laguntzearren.
Batzordeak eta estatu kideek orobat berretsi dute ezen GPAIren Praktika Kodea, zeina aditu independenteek landu baitute, borondatezko tresna egokia dela GPAIren ereduen hornitzaileek AAri buruzko Legea betetzen dutela froga dezaten. Kodea sinatu eta hari atxikitzen diren hornitzaileek zama txikiagoa eta segurtasun juridiko handiagoa izanen dute.
Abuztuaren 2tik aitzina, hornitzaileek gardentasunaren eta egile-eskubideen betebeharrak bete behar dituzte GPAI ereduak EBn merkaturatzean. 2025eko abuztuaren 2a baino lehen merkatuan zeuden ereduek 2027ko abuztuaren 2a baino lehen bermatu beharko dute betebehar horiek betetzen dituztela.
Arrisku sistemikoak dituzten eredu aurreratuenen edo inpaktu handiagokoen (hots, 10^25 FLOP baino gehiago dutenak) hornitzaileek betebehar gehigarriak dauzkate: Batzordeari jakinarazi beharra diote eta ereduaren segurtasuna bermatu beharra dute, besteak beste.
GPAI eredua aplikatzeko kronograman informazio gehiago dago. Xehetasun gehiago dituen informazio-orri bat ere kontsulta dezakezu online.