Batzordeak eta goi ordezkariak abian jarri dute Batasuna prestatzeko estrategia, estatu kideei laguntzeko eta Europak sortzen ari diren mehatxuak prebenitzeko eta horiei erantzuteko duen gaitasuna hobetzeko.

Estrategia orain sortu da, Europar Batasunak gero eta konplexuagoak diren eta alde batera utzi ezin diren krisiei eta erronkei aurre egin behar dienean, hain zuzen. Geroz eta tentsio eta gatazka geopolitiko handiagoak, mehatxu hibridoak eta zibersegurtasunekoak, informazioaren manipulazioa eta atzerriko injerentziak, klima aldaketa, hondamendi naturalen areagotzea… EBk prest egon behar du herritarrak eta funtsezko funtzio sozialak babesteko, erabakigarriak baitira demokraziarako eta eguneroko bizitzarako.

Zehazki, Estrategiak funtsezko hogeita hamar ekintza eta ekintza plan xehatu bat jasotzen ditu, Prestaketaren Batasunaren helburuetan aurrera egiteko eta EBren politika guztietan «diseinutik abiatutako prestakuntza kultura» bat garatzeko.

Estrategiaren helburu eta neurri nagusien artean, honako hauek daude:

Europako funtsezko funtzio sozialak babestea:

  • Oinarrizko zerbitzuetarako (ospitaleak, eskolak, garraioa eta telekomunikazioak) prestatzeko gutxieneko irizpideak garatzea.
  • Ekipo eta material kritikoen biltegiratzea hobetzea.
  • Klimarekiko egokitzapena eta baliabide natural kritikoen eskuragarritasuna (adibidez, ura) hobetzea.

Biztanleen prestaketa sustatzea:

  • Jendea neurri praktikoak hartzera bultzatzea, hala nola larrialdi egoeretan funtsezko hornidurei eustea gutxienez 72 orduz.
  • Prestaketa irakaspenak txertatzea eskolako ikasketa planetan eta EBren Prestaketa Eguna ezartzea.

Krisiei ematen zaien erantzunaren koordinazioa hobetzea:

  • EBko krisi zentro bat ezartzea, EBn krisiei aurre egiteko dauden egituren arteko integrazioa hobetzeko.

Lankidetza zibil-militarra indartzea:

  • EB mailako prestaketa ariketak egitea aldizka, indar armatuekin, babes zibilarekin, poliziarekin, segurtasuneko langileekin, osasun langileekin eta suhiltzaileekin batera.
  • Erabilera bikoitzeko inbertsioak erraztea.

Aurreikusteko eta aurrea hartzeko gaitasunak indartzea:

  • Arriskuen eta mehatxuen ebaluazio zehatza egitea EB mailan, krisi naturalak edo mehatxu hibridoak prebenitzen lagunduz.

Kanpoko bazkideekiko lankidetza indartzea:

  • Bazkide estrategikoekin lan egitea, hala nola NATOrekin, arlo hauetan: mugikortasun militarra, klima eta segurtasuna, teknologia emergenteak, zibersegurtasuna, espazioa eta defentsarako industria.

Oro har, prestaketan ikuspegi proaktiboa hartuta, EBk kontinente erresilienteagoa eta seguruagoa bihurtu nahi du, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko hobeki hornituta dagoena.

Informazio gehiago