Europako Kontseiluak eta Parlamentuak behin-behineko akordio politiko bat lortu dute Gidabaimenari buruzko Zuzentaraua eguneratzeari buruz. Eguneratze horrek eragin handia izanen du EB osoan gidabaimenak emateko orduan; izan ere, gidarien gaitasun fisikoko gutxieneko baldintzak eguneratuko ditu, gidari berriendako probaldiei buruzko arauak harmonizatuko ditu, eta 17 urterekin gidabaimena lortu duten gidariei laguntzeko gidatze programa bat sortuko du.
Gidabaimenari buruzko Zuzentarauaren eguneratzeak funtsezko hainbat elementu sartuko ditu.
Hasteko, 2030aren amaieran, EBko herritar guztiek gidabaimen mugikor berdina izanen dute, Europako Nortasun Digitalaren etorkizuneko Zorroan jarriko dena.
Gidabaimen digitala EBko estatu kide guztietan onartuko da. Aldi berean, bide publikoaren erabiltzaileek gidabaimen fisikoa eskatzeko eskubidea izanen dute. Bi bertsioak, fisikoa eta digitala, baliozkoak izanen dira turismoak eta motozikletak gidatzeko gaur egun baino denbora luzeagoan, zehazki, ematen direnetik 15 urtez, salbu eta gidabaimena nortasun agiri gisa erabiltzen denean (10 urte).