Ana Ollo lehendakariordeak, deialdiko (AFOMEF 2021-2027) gainerako erakundeekin batera, eleaniztasunari, mugikortasunari, jasangarritasunari eta enpleguari buruzko mugaz haraindiko lankidetza sustatzeko onetsi diren ekimenak azaldu ditu.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak POCTEFA 2021-2027 programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionaleko proiektuen lehen deialdiaren emaitzak aurkeztu ditu, mugaz haraindiko lankidetza ekimen horretan parte hartzen duten gainerako erakundeekin batera. Nafarroaren partaidetza duten sei proiektuk 2,26 milioi euro lortu dituzte, guztira, Europako funtsetatik, eleaniztasunarekin (bereziki, euskarari dagokionez), enpleguarekin eta Pirinioen bi aldeetako mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekimenak garatu ahal izateko.

Aurkezpen ekitaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeak antolatu du Iruñean, erakunde hori arduratzen baita eremu funtzional horren garapena eta sustapena koordinatzeaz. Eremu hori POCTEFA programak bereizitako bost eremuetako bat da, eta lurralde hauek hartzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Akitania Berriko hegoaldea, kostaldetik Baretous haraneraino doana.  Gogorarazi behar da Nafarroa Euroeskualdearen buru dela 2024ko martxotik, eta, urte honen amaieratik aurrera, Pirinioetako Lan Elkartearen buru ere izanen dela.

Zehazki, Hezhi, Sarebide, Esguneak, Lanean, Mugaziklo eta Transfermugi proiektuak dira. Lehenengo hirurak hizkuntzen sustapenari buruzkoak dira, oro har, eta euskararen sustapenari buruzkoak, bereziki; azken biek, berriz, arreta jartzen dute enpleguan (oztopo burokratikoak gainditzeko) eta garraioan, zehazki bizikletaren eta trenaren erabilera sustatzeko. Finantzaketa sistemaren arabera, proiektu bakoitzak guztizko aurrekontu bat du, eta AFOMEFek (14,8 milioiko zuzkidura eman zion deialdi horri) proiektu bakoitzaren ehuneko zehatz bat estaltzen du; % 65, hain zuzen. Zenbateko hori bazkideen artean banatzen da, bakoitzaren beharren eta inplikazioaren arabera.

Ollo lehendakariordeak azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuan “ziur gaude oso garrantzitsua dela bai mugaz haraindiko lankidetza hori sustatzea, bai Europa eraikitzea eskualdeekin batera, horiek baitira lurraldea hobekien ezagutzen dutenak eta horri hobekien egokitzen zaizkionak”. Era berean, Ollok adierazi duenez, “ekimena erakunde publikoen eta gizarte ekimeneko erakundeen lan bateratuan oinarritzen da, eta mugaren bi aldeetan bizi diren herritarrak ditu protagonista eta onuradun. Muga fisiko hori aukeren iturritzat jotzen da, eta ez oztopo edo hesitzat”. Eta azpimarratu nahi izan du, halaber, onetsitako proiektuen erdiek eleaniztasunaren gaia, oro har, eta euskararen gaia (bi kasu), bereziki, lantzen dituztela.

Informazio gehiago