EBko pazienteek aukera izan behar dute behar dituzten sendagaiak lortzeko, behar izan bezain pronto. Tamalez, azken urteotan EBko herrialdeek sendagai eskasia larriari egin behar izan diote aurre. Eskasia hori larriagotu egin dute mundu mailako gertaerek, hala nola COVID-19aren pandemiak. Batzordeak gaur proposatu du Ezinbesteko Sendagaien Legea, EBn funtsezko sendagaiak fabrikatzen laguntzeko eta horien eskuragarritasuna hobetzeko.
Sendagaien eskasia fabrikazio arazoek, hornidura-kateko arriskuek eta baliabideengatiko lehia globalak eragin dute, batez ere. Lege berriak erronka horiei aurre egitea du helburu. Horretarako, besteak beste, funtsezko elementu hauek zehaztu dira:
- EBren sendagai kritikoak fabrikatzeko gaitasuna hobetzea, proiektu estrategikoen bidez
- Kontratazio publikoa erabiltzea, funtsezko sendagaien hornidura-kate fidagarriak sustatzeko edo beste sendagai batzuetarako sarbidea hobetzeko
- EBko herrialdeen arteko erosketa kolaboratiboa babestea, sendagai garrantzitsuak lortzeko aukerak EB osoan bidezkoak direla bermatzeko.
- Nazioarteko aliantzak aztertzea, hornitzaile bakar batekiko edo horien kopuru mugatu batekiko mendekotasuna murrizteko.
Eskasiari irtenbide bat ematea eta sendagaiak lortzeko aukera bermatzea urte luzez izan du lehentasuntzat EBk. Ezinbesteko Sendagaien Lege berriak osatu egiten ditu arazo horri aurre egiteko aurkeztutako legegintzako proposamenak, bereziki EBren farmazia-estrategiaren erreformaren bidez. Sendagaien Europako Agentziak, estatuetako agintariekin batera, funtsezko zeregina du sendagaien urritasun kritiko horri jarraitzeko eta erantzuteko.