EBk eta Koreako Errepublikak Merkataritza Digitaleko Akordio (ACD) historiko baterako negoziazioak amaitu dituzte. Konprometituta daudela azpimarratu dute elkarte sendo eta fidagarri bat sortzeko, egungo aurrerapen digital bizkorrei aurre egiteko prest egongo dena. 12. Merkataritza Batzordean, EBren eta Hego Korearen arteko Merkataritza Libreko Akordioaren (ALC) esparruan, hau nabarmendu zuten Merkataritza eta Segurtasun Ekonomikoko Maroš Šefčovič komisarioak eta Koreako Merkataritzako ministro Cheong In-kyok: garrantzitsua dela bi aldeei onurak dakarzkieten arauak izatea datu eta teknologia digitalen inguruan, gero eta helmen handiagoa baitute bizitzaren eremu guztietan.

Asmo handiko akordio horrek adierazten du EBk konpromisoa duela goi-mailako merkataritza digitaleko arauak ezartzeko. Horrek, aldi berean, are gehiago konektatzen ditu EBko eta Koreako ekonomia digitalak. Akordioak ezarritako arau lotesleek kontsumitzaileen konfiantza sustatzen dute, bermatu egiten dute enpresen aurreikusteko gaitasuna eta segurtasun juridikoa, eta datu-fluxu fidagarriak dakartzate. Hein berean, aukera ematen dute merkataritza digitalaren justifikaziorik gabeko oztopoak kentzeko, edo halakorik ez agertzeko.

Merkataritza libreko akordioaren ikuspegi hau sustatzen du: arau digitalak eta datuak sortzea, betiere pertsonak eta haien eskubideak erdigunean jarrita. Espazio politiko bat bermatzen die EBri eta Koreari, bertan garatu eta aplikatu ahal izan ditzaten ekonomia digitalaren erronka berriei aurre egiteko behar diren politikak.

Gainera, akordio honek zerbitzuen eta ondasunen merkataritza digitala hobetu nahi du, Korean dauden Europako enpresen segurtasun juridikoa handituz. Kontratu elektronikoen balio juridikoa eta aplikagarritasuna aitortzen ditu, eta sinadura elektronikoaren erabilera sustatzen. Horri esker, Europako enpresek aukera izanen dute Hego Koreako bezeroei zerbitzu emateko, Europatik bertatik. Europako kontsumitzaileentzat onuragarriak izanen dira kontsumitzailea babesteko araudiaren hobekuntzak eta eskatu gabeko komunikazioei buruzko neurriak.

EBk eta Koreako Errepublikak 2010eko ALC akordioan ere adostu zuten auzi horretan sakontzea, merkataritza- eta ekonomia-gai berrietan espezializatutako batzorde berri bat sortuz. Batzorde horrek plataforma espezifiko bat eskainiko die EBri eta Koreari, garrantzi estrategikoko gaietan lankidetzan jardun dezaten. Segurtasun ekonomikoa, gehiegizko produkzio-ahalmena eta hornidura-kateen erresistentzia dira, besteak beste, gai horietako batzuk.

Informazio gehiago