Kiev, 2025eko otsailaren 24a
Duela hiru urte, Errusiak legez kanpoko eta eskala handiko eraso gerra bat hasi zuen Ukrainaren aurka. Gerra basati honetan, Errusiak nahita erasotzen die azpiegitura zibilei eta funtsezkoei. Ukrainako herriak indar izugarria erakutsi du bere aberria eta nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioak defendatzen. Omenaldia egin nahi diegu Ukrainaren independentziaren eta askatasunaren alde bizia eman duten guztiei eta kide maiteak galdu dituzten guztiei.
Errusia eta bertako agintariak dira gerra honen eta Ukrainako herritarri egindako ankerkerien erantzule bakarrak. Gerra krimen eta gizateriaren aurkako krimen guztiengatik kontuak emateko eskatzen jarraitzen dugu. Pozik hartu ditugu Ukrainaren aurkako erasoaren krimena epaituko duen auzitegi berezi bat sortzeko eman berri diren urratsak.
Europar Batasunak eta bertako kideek azkar eta baturik jokatu dute Ukrainari laguntzeko. Europar Batasunak laguntza ekonomikoa, humanitarioa, finantzarioa eta militarra eman dio Ukrainari; guztira, 135.000 milioi euro, eta horietatik 48.700 milioi laguntza militarrerako izan dira. Europar Batasunak Ukrainari laguntza finantzario erregularra eta aurreikusteko modukoa ematen jarraituko du, baita gerraren ondoren herrialdea berreraikitzeko ere.
Errusia eta errusiarrak garesti ari dira ordaintzen bere liderraren ekintzak. Gure kideekin batera, aurrekaririk gabeko zehapenak ezarri ditugu Errusiaren eta gerra honetako konplizeen aurka, eta prest gaude Errusiaren gaineko presioa handitzeko, haren ahalmen belikoa mugatzearren. Dagoeneko, ibilgetutako errusiar aktiboen ustekabeko irabaziak erabiltzen ari gara Ukrainako defentsa industriari eta energia susperraldiari laguntzeko. Gaur hamaseigarren zehapen sorta onartu dugu, Errusiaren gaineko presio kolektiboa are gehiago handitzeko, eraso gerra hau bukatu dezan.
Aldi berean, EB mailan aurrekaririk gabeko neurriak hartu ditugu Europako defentsa industriaren ekoizpena handitzeko, eta gure ahalmena indartzen jarraituko dugu. Horri esker, gure laguntza militarra eta Ukrainarekiko lankidetza areagotuko ditugu, eta, aldi berean, defentsarako prestakuntza eta Europako subiranotasuna hobetuko ditugu.
Ukraina Europako familiaren parte da. Ukrainarrek etorkizunean Europar Batasunaren barruan egon nahi dutela adierazi dute; guk nahi hori aitortu diogu, Ukrainari herrialde hautagaiaren estatutua emanda, eta hasi ditugu atxikimendurako negoziazioak. Ukrainak aurrerapen esanguratsuak egin ditu atxikitzearekin lotutako erreformetan, egoera zailenetan. Ukraina EBko barne merkatuan integratzen ari gara jada. Ukrainaren eta bertako herritarren etorkizuna Europar Batasunean dago.
Nazioarteko ingurune geopolitiko zail honetan, nabarmentzen dugu oso garrantzitsua dela Ozeano Atlantikoaz haraindi eta munduan Ukrainarekiko elkartasunari eustea. Azpimarratzen dugu bermatu beharra dagoela nazioarteko komunitateak Ukrainari laguntzen jarraitzea, bake global, bidezko eta iraunkorra lor dezan, Ukrainako bakearen formulan oinarrituta.
Irmo eusten diogu Ukrainaren alde, bakea, segurtasuna eta justizia nagusituko direla berretsiz.