Europako Batzordeak iragarri du ontzien eta ontzi-hondakinen erregelamendu berria indarrean sartu dela. Neurri berrien helburua da Europar Batasunean erabilitako ontziak seguruagoak eta jasangarriagoak izatea, guztiak birziklagarriak izan daitezen eskatuz, substantzia kaltegarrien presentzia minimizatuz, beharrezkoak ez diren ontziak murriztuz, eduki birziklatua hartzea sustatuz eta bilketa eta birziklatzea hobetuz. Indarrean jarri eta 18 hilabetera aplikatuko da araudia.

Erregelamenduak neurri berriak jasotzen ditu bilgarri gehiegi izateak sortzen dituen ingurumen-erronkei are gehiago heltzeko. Nabarmen murriztuko ditu berotegi-efektuko gasen emisioak, uraren erabilera eta ingurumen-kostuak ontziratze-industrian. Aldi berean, araudi berriak aukerak sortuko ditu birziklatzearen eta jasangarritasunaren sektoreentzat. EBrentzat ekonomia zirkularragoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa lortzeko urrats garrantzitsua da.

Neurri berrien helburua da hondakinetarako eta bigarren mailako material berrerabilgarrietarako merkatu bakarra garatzea, birziklapena sustatzea eta lehen mailako baliabideekiko mendekotasuna murriztea. Neurri hauek daude, besteak beste: ontziak berrerabiltzea edo berriz betetzea sustatzea, erabilera bakarreko ontzien alternatiba gisa, eta kontsumitzailearentzako informazioa hobetzea.

Bestalde, ontziak jasangarriagoak izanen dira, eta kontsumitzaileek beren ontzi-hondakinak modu eraginkorragoan berrerabili eta sailkatu ahalko dituzte, eta estatu kideen eta enpresen berariazko beharretara egokituko dira soluzioak. Horrela, Erregelamenduak baliabideen eraginkortasuna hobetuko du eta materialen erabilera zirkularra bultzatuko du.

Negozio-aukera berriak eskainiko dituenez, araudi berriak lanpostuak sortuko ditu eta berrikuntza bultzatuko du ontziratze-soluzioetan. Era berean, birziklatzearen sektorean efizientzia areagotuko du. Gainera, substantzia arriskutsu jakin batzuei buruzko murrizketek kontsumitzaileen eta ingurumenaren osasuna babestuko dute.

Informazio gehiago