Batzordeak datu-deialdi bat egin du; horren bidez, alde interesdun guztiak gonbidatzen ditu sortzen ari diren eta sortu berriak diren enpresendako EBren etorkizuneko estrategian parte hartzera. Estrategiak enpresa berritzaileen eta eskala-enpresen baldintzak hobetuko ditu, eta merkatu bakarrean azkarrago eta errazago haz daitezen ahalbidetuko du. Honako erronka hauei helduko die, besteak beste: finantzaketa, merkatu eta talenturako sarbidea, erregelamenduen eta burokraziaren arloko oztopoak eta merkatuaren zatiketa. Halaber, azpiegitura, ezagutza eta abangoardiako zerbitzuetarako sarbidea erraztuko du.
Startups-etako, Ikerketako eta Berrikuntzako komisario Ekaterina Zaharievak honako hau adierazi du: “Gogotik aurre egin behar diegu hazi eta EB osoan beren eskala handitu nahi dutenean startups-ek dituzten oztopoei”. Berrikuntzaren euskarria dira, bai eta gure lehiakortasunaren eta oparotasunaren giltza ere. Entzun nahi diegu berritzaileei, enpresei, inbertitzaileei, ardura politikoa dutenei, ikertzaileei, unibertsitateei eta alde interesdun guztiei, gure startupsak eta scaleupsak laguntzen dituen estrategia eraginkorra eta globala egituratzeko.
Sortzen ari diren eta sortu berriak diren enpresei laguntzea eta ikerketa eta berrikuntza sustatzea Batzordearen lehentasunak dira berrikuntzaren arrakala ixteko eta lehiakortasuna hobetzeko.
EBko enpresak sortzeko eta handitzeko Estrategia Lehiakortasunaren Iparrorratzaren ekintza adierazgarria da, 2025eko urtarrilean sortu baitzen. Neurri ukigarriak ekarriko ditu, etorkizuneko Europako Berrikuntzaren Legea barne, bai eta EB mailako estatutu juridiko berri bat ere, “28. erregimena” izenez ezagutua, enpresa berritzaileak hazteko arau-multzo harmonizatua emanen duena.
Proposamenen deialdia “Have your Say” Batzordearen atarian egonen da eskuragarri, EBko hizkuntza ofizial guztietan. Aurkezteko epea martxoaren 17an bukatuko da.