Batzordeak Interneten erabilera arduratsua sustatzen du Internet Seguruaren Egunean; munduko ekitaldi hori urtero egiten da, haurren lineako segurtasuna sustatzeko. Gero eta haur eta gazte gehiagok erabiltzen dute Internet. 2023an, EBko gazteen % 97k adierazi zuten egunero erabiltzen zuela Internet; EBko biztanle guztien artean, berriz, % 86k bakarrik.

Haur guztien lineako segurtasuna funtsezkoa da Europako Batzordearendako. Horregatik, Batzordeak neurriak jarri ditu abian zerbitzu digitalei buruzko legeriaren esparruan; besteak beste, adingabeak lineako plataformen aurrean babesteari buruzko ikerketak egiten hastea. Halaber, Batzordea jarraibideak prestatzen ari da, lineako plataforma guztiek erabiltzaile gazteen pribatutasun, segurtasun eta babes maila handia berma dezaten.

Aurten, Batzordeak adina egiaztatzeko Europaren ikuspegia ere aurkeztuko du, pribatutasuna errespetatzen duena, EBko diru zorro digitala 2026aren amaieran erabilgarri egonen dela aurreikusita. Eta urtarrilean eta otsailean zehar, Batzordeak ADWISE online kanpaina eginen du, linean jokatzen duten gazteei beren eskubideak ezagutzen eta jokoetan dauden manipulazio praktikak detektatzen laguntzeko. Kontsumitzaileak esplotaziotik, engainutik eta online jardunbide desleialetatik hobeki babesteko, Batzordea ekitate digitalari buruzko etorkizuneko legeria ere lantzen ari da.

Bere lan osoan zehar, Batzordeak gazteei kontsulta egiten die, haurrendako Internet hobea lortzeko estrategiaren lehen ebaluazioak erakusten duen bezala. Gainera, hurrengo hilean, Henna Virkkunen presidenteorde exekutiboa gazteekin bilduko da Helsinkin, sare sozialen plataformek demokrazian duten zeregina eztabaidatzeko. Martxoaren 10ean, Michael McGrath komisarioa gazteekin bilduko da gazteen lehen elkarrizketan, haien gaikuntza demokratikoaz hitz egiteko, baita lineako tresnen bidez ere.

Informazio gehiago