Hona hemen LIFE programak hurrengo 12 hilabeteetarako dituen nobedade nagusietako batzuk.
Europar Batasunak ingurumena eta klima hobetzeko proiektuak finantzatzeko duen ekimen enblematikoak, LIFE programak, 33 urte beteko ditu aurten. Mende-herena egin du, beraz, Europa leku garbiago, ekologikoago eta jasangarriago bat bihurtzeko lan berritzailea eta gidaria urratzen.
Hona hemen aurtengo LIFE egutegian izanen ditugun gertaera aipagarrietako batzuk:
LIFE 2025 proposamenetarako deialdia
LIFE proposamenetarako hurrengo deialdi-erronda 2025eko apirilean argitaratuko da finantzaketa- eta lizitazio-aukeren atarian. CINEAk informazio-saio birtualak eginen ditu eskatzaileak prozesuan gidatzeko. Grabazioak ikus daitezke LIFEren YouTubeko kanalean. STRAT proiektuetarako LIFE 2023 deialdien emaitzak otsailean iragarriko dira, eta 2024ko deialdietakoak aurten amaiera aldera argitaratuko dira.
LIFE 2025 sariak
LIFE proiektu arrakastatsuenak LIFE sarien 19. edizioan sarituko dituzte. Hiru kategoriatan banatuko dira sariak: natura, ekonomia zirkularra eta bizi-kalitatea, klimaren aldeko ekintza eta LIFE herritarraren saria. Iaz honelako proiektuak saritu ziren, besteak beste: alubioi-lautadak leheneratzea, intsektuak oinarri hartuta animalientzako pentsu bat sortzeko janari-hondakinak erabiltzea eta hiriko bero-uhartearen efektua zuhaitzekin arintzen saiatzea. Sariak banatzeko ekitaldia EBko Aste Berdean egiten da, ingurumenarekin lotutako Europako ekitaldirik garrantzitsuenean.
Klimarako eta Energiarako EBko Alkate-Alkatesen Hitzarmena
Europako ekimen garrantzitsu honek Europa osoko tokiko milaka gobernu biltzen ditu klimaren eta energiaren arloan egindako jarduerak babesten laguntzeko. Ekimenarekin bat egitean, tokiko agintariak beren kabuz konprometitzen dira EBren helburu klimatiko eta energetikoak aplikatzera. LIFE proiektu askok bat egiten dute Alkate-Alkatesen Hitzarmenaren ekimenean parte hartzen duten hiriekin. 2025ean, EBko Alkate-Alkatesen Hitzarmenaren saria Cities Heat Detox kanpainarekin lotuta dago, eta aukera ematen die hiriei berokuntza- eta hozte-sektorea deskarbonizatzera bideratutako proiektuak nabarmentzeko. Irabazleak 2025eko martxoan iragarriko dira.
Europako Energia Jasangarriaren Astea
Europako energia berriztagarri eta energia-efizientziarako gertaera garrantzitsuenetako bat Energia Jasangarriaren Astea da. Ekainaren 10etik 12ra izanen da. Ekitaldi hauek izanen ditu: Goi-mailako Konferentzia Politikoa, EUSEW sariak, Europako Gazteentzako Energiaren Eguna eta Energia Azoka. Eta aukera paregabea emanen du Europako energiaren etorkizuna eraldatzeko azken politikez, berrikuntzez eta ideiez eztabaidatzeko. Politikei buruzko saio bat egin, Energia Azokan stand bat jarri edo EUSEW sarietan lehiatu nahi dutenentzat irekita dago izena emateko epea. Informazio gehiago eskuratzeko, sakatu hemen.