Europako Ikerketa Kontseiluak aditzera eman ditu 2024ko kontzeptu-proben lehiaketako azken txandaren emaitzak. Guztira, 134 proiektu lagundu dira diruz; bakoitzari 150.000 euroko dirulaguntza eman zaio. Kontzeptu-probaren dirulaguntzari esker, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzaturiko ikerlariek aukera dute kontzeptu zientifikoen bideragarritasun praktikoa egiaztatzeko, aukera komertzialak aztertzeko eta patenteen eskaerak prestatzeko, eta, horrela, lagungarria da ondorio zientifikoen eta lehen merkaturatze-faseen arteko arrakala murrizteko.

2024ko lehiaketa irabazi duten proiektuek helburu dute, besteak beste, sateliteendako nabigazio-sistema eraginkor eta autonomoak sortzea, elikadura-iruzurraren aurka borrokatzea, lehendik dauden sendagaiak minibiziaren kontrako borrokara bideratzea eta gizakien bizitza arriskuan jartzen duten gaitz askoren aurkako tratamenduak hobetzea. 2024ko lan-programaren esparruan 245 dirulaguntza eman dira, guztira 36,75 milioi eurokoak. Programa hori EBren Horizon Europe izeneko ikerketa- eta berrikuntza-programaren barnean dago.

Aurtengo onuradunek erakusten dute aniztasun geografiko nabarmena dagoela Europako berrikuntzan. 134 onuradun berriek Europa guztiko 20 herrialdetan egiten dute lan. Dirulaguntza gehien Alemaniak, Italiak eta Herbehereek jasoko dituzte (hamabosna), eta horien atzetik daude Espainia eta Erresuma Batua (hamalauna), Israel (12), Belgika (11), Frantzia (10), Danimarka (6), Austria (5), Suedia (4), Irlanda (3), Finlandia eta Norvegia (bina), Kroazia, Txekia, Zipre, Polonia, Portugal eta Turkia (bana).

Informazio gehiago