Kontseiluak erregelamendu berri bat onetsi du, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-kalifikaziorako jarduerei buruzkoa. Arau berriaren xedea da EBko kalifikaziorako jarduerak koherenteagoak, gardenagoak eta konparagarriagoak izatea, inbertitzaileek konfiantza handiagoa izan dezaten finantza-produktu jasangarrietan.
ASG kalifikazioek balio dute enpresa baten edo finantza-tresna baten jasangarritasun profilari buruzko irizpena emateko, gizartean eta ingurumenean dituen efektuak eta jasangarritasunari lotutako arriskuekiko esposizioa ebaluatuta.
ASG kalifikazioek gero eta eragin handiagoa dute kapital merkatuen funtzionamenduan eta entitate inbertitzaileek inbertsioko produktu jasangarrietan duten konfiantzan.
Arau berrien xedea da ASG kalifikazioen fidagarritasuna eta konparagarritasuna indartzea; horretarako, sustatuko dute ASG kalifikazioen hornitzaileek egiten dituzten jardueren gardentasuna eta integritatea eta izan daitezkeen interes-gatazkak prebenituko dituzte.
Zehazki, Balioen eta Merkatuen Europako Agintaritzak baimendu eta gainbegiratuko ditu ASG kalifikazioak hornitzen dituzten entitateak eta azken horiek gardentasunaren arloko zenbait baldintza bete beharko dituzte, bereziki erabiltzen dituzten metodo eta informazio-iturriei dagokienez. Europar Batasunetik kanpoko ASG kalifikazioak hornitzen dituzten entitateek, Europar Batasunean aritu nahi badute, EBn baimenduta dagoen ASG kalifikazioak hornitzen dituen entitate baten balidazioa lortu beharko dute, edo bestela, irizpide kuantitatiboan oinarritutako aitortza, edo ASG kalifikazioen hornitzaileen EBko erregistroan sartuta egon beharko dute, baliokidetasunaren gaineko erabaki baten bidez.
Erregelamenduak printzipiotzat sartu du jarduerak bereiztea interes-gatazkak saihesteko.