Europar Batasuneko herritarrek jarrera positiboa dute mugikortasun elektrikoarekiko, eta, erronkak erronka, ibilgailu ez-elektrikoetako gidarien % 57 etorkizunean auto elektriko bat erostea aztertzen ari dira. Mugikortasun mota horren abantaila nagusien artean, europarrek onura klimatikoak eta errentagarritasuna nabarmentzen dituzte. Hona hemen Erregai Alternatiboen Europako Behatokiak 12 estatu kidetako (Espainia, Belgika, Danimarka, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Eslobenia eta Suedia) 19.080 pertsonari mugikortasun elektrikoari buruz egindako inkestaren emaitza batzuk.

Itun Berdearen eta Europar Batasuneko Mugikortasun Adimendunaren eta Jasangarriaren Estrategiaren helburua da garraioaren berotegi-efektuko gasen isuriak % 90 murriztea 2050. urterako. Zero emisioko ibilgailuek berebiziko garrantzia dute helburu hori lortzeko, eta bateria-auto elektrikoak teknologia heldua dira masa-merkatuan; beraz, funtsezkoa da elektromugikortasunaren iritziak, jarrerak eta erronkak ulertzea.

Testuinguru horretan, bateria duten auto elektrikoen gidariei zein ohiko ibilgailuen jabeei inkesta egin zaie, erabiltzaile gisa duten portaerari eta esperientziari, jarrerei, lehentasunei, oztopoei, aukerei, auto elektriko bat erosteko probabilitateari, nahi den autonomiari, prezioari, mugikortasun elektrikoa bultzatzeko pizgarriei eta etorkizunerako itxaropenei buruz.