Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoak Europako Batzordearendako eta Europako Ingurumen Agentziarendako garatu duen bertsio berri honek adimen artifiziala erabiltzen du, orduoro airearen lau kutsatzaileren kontzentrazioak erakusteko, km2-ko bereizmenarekin.

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari Tracasa Globa atxikitako enpresa publikoaren bitartez, berritu egin du Europako Airearen Kalitate Indizearen aplikazio mugikorra, informazioa denbora errealean ematen duen mapa batekin (bakarra da Europan). Europako Batzordearendako eta Europako Ingurumen Agentziarendako egiten duen lanaren barnean, enpresa publikoak lortu du kontinenteko edozein puntutako airearen lau kutsatzaileren kontzentrazioak erakustea, orduoro eta km2-ko bereizmenarekin, adimen artifiziala erabiliz.

Tracasa Global enpresa 2017tik ari da lanean Europako Airearen Kalitate Indizean; lehenik, web bertsioan eta, 2021etik, gailu mugikorretarako bertsioan.  Denbora horretan, aplikazio hori Europan airearen kalitateari buruzko datuak kontsultatu eta ezagutzeko erreferentzia gune bilakatu da. Indize hori lortzen da giltzarri diren lau kutsatzaileren kontzentrazio balioekin –Partikula finak (PM2,5), Partikulak (PM10), Ozonoa (O3) eta Nitrogeno dioxidoa (NO2)–. Bada, indize horrek sei balio posible ematen ditu, airearen kalitatearen arabera (oso txarretik onera), eta osasunerako mezuak eta herritarrendako gomendioak ere eskaintzen ditu.

Informazio gehiago