Ustelkeriaren aurkako borrokan ahaleginak areagotzeko, Kontseiluak erabaki du EBko lege baten gainean duen jarrera zehatza. Lege horrek ustelkeria delituak definitzeko eta zehatzeko gutxieneko arauak ezartzen ditu, baita prebentzio neurriak eta ikerketa eta epaiketa eraginkorragoak egiteko arauak ere. Legearen berrikuntza nagusia da, EB mailan lehen aldiz, egintza juridiko bakar batean biltzen dituela sektore publiko eta pribatuko ustelkeriari buruzko arauak.
Lege berriak EBko bi lege desberdin ordezkatuko ditu: sektore pribatuko ustelkeriari buruzko 2003ko lege bat eta EBren 1997ko hitzarmen bat, EBko funtzionarioak edo EBko estatu kideetakoak inplikatuak dituen ustelkeriari buruzkoa. Era berean, iruzurrari eta Batasunaren finantza interesei kalte egiten dieten beste delitu batzuei buruzko 2017ko Zuzentaraua aldatuko du. Onesten denean, zuzentarau berriak sektore publikoan eta pribatuan ustelkeriaren aurka borrokatzeko neurriak bateratuko ditu. Horrela, ustelkeriaren aurkako borroka eraginkorragoa izanen da.
Europar Batasuna Ustelkeriaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioaren (CNUCC) parte da, zeina esparru horretako nazioarteko tresna juridiko osoena baita. Legegintza proposamen horrek EBko lege esparrua eguneratuko du, eta EBrentzat lotesleak diren nazioarteko arauak sartuko ditu, hala nola CNUCCrenak.
2022ko Eurobarometroaren inkesta batek erakusten du EBko herritarren % 68k eta EBn egoitza duten enpresen % 62k uste dutela ustelkeria oso hedatua dagoela beren herrialdean.