Europako Gaturi 2 proiektuak hiru eskualdeak lotzen ditu, turismo jasangarria eta kalitatekoa lortzeko bidean
Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Biarnoko ordezkariek Gaturi 2 mugaz haraindiko proiektua aurkeztu dute Iruñean. Ekimenak eskualde horiek bultzatu nahi ditu nazioarteko turismo helmuga gastronomiko gisa, eta Gaturi lehen proiektuaren bidez orain dela bi urte abiarazitako lanarekin jarraitzen du.
Gaturi proiektuaren % 65 Europar Batasunak finantzatu du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2021-2027). Haren helburu nagusia da Espainia, Frantzia eta Andorrako mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea, nazioarteko turismo helmuga gastronomiko bat sustatuz.
Proiektuari lotuta espero diren emaitza nagusien artean, honako hauek daude; alde batetik, enbaxadoreen sarea sortzea, lurraldeen adierazgarri diren sukaldaritza, turismo, merkataritza eta nekazaritzako elikagaien sektoreetako profesionalek osatutakoa; eta, beste aldetik, jarduera erakusgarriak gauzatzea, sareko eragileen artean jakintza trukatzeko asmoz. Halaber, espero da zirkuitu labur, irisgarritasun eta ingurumen jasangarritasuneko jardunbide egokiak zehaztea eta mugaz haraindi trukatzea, baita turismoko eta elikagaien nekazaritzako profesionalen prestakuntza hobetzeko plana sortzea ere. Amaitzeko, proiektuaren azken helburua da turismo helmuga finkatzeko eta sustatzeko estrategia bat lortu ahal izatea.