Konpontzeko eskubideari buruzko neurri berrien helburua da hondakinak murriztea eta konponketaren sektorea indartzea. Horretarako, ondasunak modu merkeagoan konpontzea erraztuko da.
Aldeko 584 boto, aurkako 3 eta 14 abstentzio emanda, Legebiltzarrak kontsumitzaileen «konpontzeko eskubidea» indartzea erabaki zuen asteartean. Neurri horiek argitzen dituzte fabrikatzaileek ondasunen konponketan dituzten betebeharrak eta kontsumitzaileak animatzen dituzte produktuen bizi-zikloa luzatzera, konponketaren bidez.
Araudi berriak bermatzen du fabrikatzaileek konponketa zerbitzu egoki eta errentagarriak eskaintzea eta kontsumitzaileei ematea konponketarako duten eskubidearen berri. Konpondutako ondasunen legezko bermea beste urtebetez luzatzen ahalko da, haien kalitate bermeari esker. Horrek kontsumitzaileei are gehiago lagunduko die gailu berria erosi beharrean konponketa aukeratzen.
Legezko bermea bukatuta ere, fabrikatzaileak behartuta jarraituko du etxeko produktu arruntak, EBko legeriaren arabera teknikoki konpongarriak direnak, konpontzera, adibidez, garbigailuak, xurgagailuak eta are telefono adimendunak ere. Produktu kategorien zerrenda zabaldu egin daiteke etorkizunean. Kontsumitzaileek gailu bat mailegatzea ere eskatzen ahalko dute, beren gailua konpontzen ari den bitartean, edo bestela, konpondu ezin bada, unitate berregokitu bat aukeratzen ahalko dute.