Europako Batzordeko Osasun Larrialdien aurrean Prestatzeko eta Erantzuteko Agintaritzak (HERA), Europar Batasuneko Kontseiluko Belgikako presidentetzarekin lankidetzan, gaur abian jarri du Sendagai Kritikoen Aliantza, EPSCO Kontseiluko Osasuneko ministroen bilera informalarekin batera, Osasunaren Europar Batasuna sendo eratzeko ekintzen barruan.
Aliantzaren barruan biltzen dira agintaritza nazionalak, industria, osasun-erakundeak, gizarte zibilaren ordezkariak, Batzordea eta EBko agentziak, funtsezko sendagaien eskasiari aurre egiteko eta hura saihesteko neurri hoberenak zehazteko.
Aliantzak, zeina Batzordeak 2023ko urrian iragarri baitzuen lehenbiziko aldiz, industria-politika izanen du ardatz, eta Batzordeak proposatutako EBko farmazia-legeriaren erreforma osatuko du. Zuzenki erantzuten dio 23 estatu kidek eta gehiagok sektorean autonomia estrategiko handiagoa izateko egin zuten deialdiari.
2024ko urtarrilaren 16an, interesa adierazteko deialdi ireki bat egin zen, eta, ondotik, 250 bat kide ditu erregistratuta Aliantzak egun, barne direla estatu kideak ordezkatzen dituzten gobernuko erakundeetako ministerioak, enpresak eta bestelako erakundeak (hala nola industriaren ordezkariak eta gobernuz kanpoko erakundeak).