Barne arau berriek indartu eginen dituzte Parlamentuaren lan metodoak, eginkizun instituzionala eta jarduteko gaitasuna.
Asteazkenean, eurodiputatuek onetsi zuten 2023ko abenduan Presidenteen Konferentziak (EPko presidentea, Metsola, eta talde politikoetako presidenteak) berretsitako “2024ko Parlamentua” izeneko Parlamentua erreformatzeko taldearen gomendioak aplikatzen dituen txostena, aldeko 429 botorekin, aurkako 148 botorekin eta 47 abstentziorekin.
Erreformek hobetu eginen dute Parlamentuaren funtzionamendua, eta erraztuko dute Kontseiluarekin batera legeak onestea, aurrekontuak betearaztea eta kudeaketa onartzea; gainera, areagotu eginen dute Parlamentuaren gaitasuna kontrol demokratikoa gauzatzeko eta gainerako erakundeei, bereziki Batzordeari, erantzukizunak eskatzeko. Osoko bilkuretako hobekuntzak ere sartu dira.
Arau berriak Europako hauteskundeen (ekainaren 6-9) ondorengo lehen osoko bilkuraren hasieran jarriko dira indarrean, hau da, 2024ko uztailaren 16an. Erakundeen arteko lankidetzari buruzko aldaketak aplikatzeko, Parlamentuaren eta Batzordearen arteko 2010eko Esparru Akordioa berrikusi beharko da. Metsola presidenteak abiarazi du jada prozedura.