Euroganberak asteartean babestu zuen eraikuntzaren sektoreko energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko legea, Kontseiluarekin dagoeneko adostuta zegoena.

Eraikinen energia-efizientziari buruzko zuzentarauaren berrikuspenaren helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak eta energia-kontsumoa ahalik eta gehiena murriztea hemendik 2030era EBko eraikuntza-sektorean, eta 2050etik aurrera neutroa izatea klimaren aldetik. Halaber, efizientzia txikieneko eraikinak berritzea eta energia-errendimenduari buruzko informazio-trukea hobetzea nahi du.

Eraikin berri guztiek klimaren aldetik neutroak izan beharko dute 2030etik aurrera. Agintari publikoek erabiltzen duten eraikin berriek edo haien jabetzakoak direnek helburu hori lortu beharko dute 2028an. Estatu kideek berotze globaleko ahalmena kontuan hartzen ahalko dute eraikinaren bizi-zikloan zehar, hau da, eraikina egiteko erabilitako produktuak sortzeko eta ezabatzeko prozesuak.

Estatu kideek neurriak hartu behar dituzte berokuntza-sistemak deskarbonizatzeko eta erregai fosilak pixkanaka ezabatzeko berokuntzan eta hozte-sisteman, 2040rako erregai fosilen galdarak erabat ezabatzeko. 2025etik aurrera, debekatuta egonen da erregai fosilen galdara independenteak diruz laguntzea. Oraindik ere finantza-pizgarriak onargarriak izanen dira berriztagarrien kuota handia erabiltzen duten berokuntza-sistema hibridoetarako, hala nola galdara bat bero-ponpa batekin edo eguzki-instalazio termiko batekin konbinatzen dutenetarako.

Informazio gehiago