Dirulaguntzen zenbatekoa handitu da ekitaldi honetan, 40.000 eurotik 50.000 eurora
Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren bidez, toki- eta gizarte-erakundeei zuzendutako mugaz gaindiko laguntzen 2024ko deialdia aurkeztu du. Ekitaldi honetako berrikuntza nagusia da laguntzen guztizko zenbatekoa handitu dela 40.000 eurotik 50.000 eurora.
Laguntzen lerro hau 2020an sortu zuen Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, eta helburu du Nafarroako toki- eta gizarte-entitateak bultzatzea mugaz gaindiko lankidetzako proiektuak sustatu ditzaten, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eragileekin lankidetzan aritzeko. Nafarroako Gobernuak aspalditik egiten du lan lurralde-erakunde horrekin.
Deialdia oraindik ez da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, baina oinarriak dagoeneko kontsultatu daitezke Nafarroako Gobernuaren zerbitzu-katalogoan. Laguntzetan bi finantzaketa-bide daude, bakoitza 25.000 eurokoa. Bata toki-erakundeei zuzenduta dago, eta bestea, gizarte-erakundeei. Gastu diruz lagungarrien % 100 ordainduko dira, eta proiektu bakoitzak gehienez ere 5.000 euro jasoko ditu.
Helburua da esperientzia-trukea sustatzea, sareak sortzea eta finkatzea, herritarren mugaz gaindiko mugikortasuna erraztea, mugaz gaindi eta Europako mailan interesa duten gaiak ezagutaraztea eta hedatzea, oztopo juridikoak eta administratiboak hautematea, eta abar. Lankidetzarako proposatzen diren gaiak askotarikoak izan daitezke: aurkezten diren proiektuek lotura izan dezakete turismoarekin, ingurumenarekin, garapen jasangarriarekin, kulturarekin, eleaniztasunarekin, gizarte-ekintzarekin, kirolarekin, gazteriarekin, memoria historikoarekin eta mugaz gaindiko interesa duen beste edozein gairekin.