Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC, Joint Research Centre) ‘Generoa eta energia: energia-trantsizioaren efektuak emakumeengan’ azterlana egin du Holandako energia trantsizioaren aniztasuneko adituen 75inQ zentroarekin elkarlanean, eta energia trantsizioan genero arrakalak murriztu behar direla nabarmendu dute.
Dokumentuan, energia garbi eta eskuragarria izateko aukeran dauden eta maiz aipatu ere egiten ez diren genero desparekotasunak aztertu dituzte, eta arrakala ixteko eta erresilientzia soziala sustatzeko neurriak hartu behar direla nabarmendu dute.
Txostenean aipatzen denez, politika inklusiboak ezartzea oso garrantzitsua da emakumeek energia industrian parte hartuko dutela eta ordezkaritza izanen dutela bermatzeko, ez bezero moduan bakarrik, baita erabakiak hartzen eta berrikuntzan ere. Gainera, ibilbide orri bat eskaini dute, energia pobreziaren arrazoi konplexuei aurre egiteko ikuspegi integratuago eta integralago bat lortze aldera. Txostenaren arabera, energia pobreziak eragin handiagoa du emakumeengan, kasu askotan errenta maila txikiagoak izaten dituztelako eta guraso bakarreko etxeetan gehiago egoten delako.
Era berean, energiaren sektorean generoarekin lotutako desberdinkeria oraindik ere badela diote azterlanean, eta horiei hobeki heldu behar zaiela energia trantsizioa egoki burutuko dela bermatzeko: emakumeak energia berriztagarrien sektoreko lan indarraren % 32 dira, batez beste, 2019. urtean.