Ana Ollo presidenteordeak azpimarratu du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela emigratuen kolektiboarekin, eta berretsi du Herritartasun Legea berehala garatuko dela atzerrian
18 herrialdetan bizi diren ia ehun nafarrek hartu dute parte asteazken honetan Iruñean egin den Next VI. Topaketan. Ana Ollo lehendakariordeak foro horretan azpimarratu du Gobernuak konpromisoa duela emigratutako pertsonen kolektiboarekin, eta berretsi du Herritartasunari buruzko Legea berehala garatuko dela atzerrian, Nafarroako Kontseilua eta Kanpoko Erkidegoen Erregistroa eratzeko dekretu baten bidez, bai eta Foru Komunitatean bizi direnen itzulera edo aukera-berdintasuna administratiboki errazteko hainbat neurri ere. Topaketan, hainbat esperientzia pertsonal partekatzeaz gain, Nafarroan dauden formula eta neurriak jorratu dira, mugikortasun handiko une batean talentua itzultzea eta atxikitzea errazteko.
Edizio hau bereziki azpimarragarria izan da parte-hartzeari dagokionez, eta are gehiago pandemiaren urte konplexuen ondoren. Zehazki, kanpoan bizi diren 96 nafarrek (75 aurrez aurre eta 21 online) parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuak Nafarroako Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatzen duen Next Topaketaren seigarren edizioan, pertsona horien eta Nafarroako gizarteko eragileen arteko harremanetarako foro gisa.
Civicanen aurrez aurre eta streaming bidez egindako jardunaldian 18 herrialdetako nafarrak bildu dira: Erresuma Batua, Txina, Suitza, Argentina, Mexiko, Estatu Batuak, Australia, Frantzia, Belgika, Suedia, Singapur, Austria, Kanada, Irlanda, Finlandia, Galizia, Katalunia, Madril eta Nafarroa bera. Ekitaldia Kanpo Ekintzako erreprodukzio zerrendan ikusi ahal izango da berriro, Nafarroako Gobernuaren Youtubeko profilean, esteka honen bidez.