Parlamentuak 2023ko kontzientzia askatasunaren Sakharov saria eman zien Jina Mahsa Aminiri eta Irango «Emakumea, Bizitza, Askatasuna» mugimenduari abenduaren 12an egin zen zeremonian.
Saleh Nikbakht, Jina Mahsa Aminiren familiako akademiko eta abokatua, eta Afsoon Najafi eta Mersedeh Shahinkar, 2023an Iran utzi zuten emakumeen eskubideen defendatzaile irandarrak, izan ziren sarituen ordezkariak.
Ekitaldia inauguratzean, adierazpen hauek egin zituen Roberta Metsola presidenteak: “Aurten Jina Masha Aminik eta «Emakumea, Bizitza, Askatasuna» mugimenduak jaso duten kontzientzia askatasunaren Sakharov sariak Irango emakume eta gazte ausart eta desafiatzaile guztiei egiten die gorazarre: presioa gero eta handiagoa izan arren, beren eskubideen eta aldaketaren alde borrokan jarraitzen dute. Europako Parlamentuak entzuten zaituzte, bai eta babestu ere. Ez zaudete bakarrik”.
Jina Mahsa Amini, 22 urteko neska gazte kurdu irandarra, 2022ko irailaren 13an atxilotu zuen poliziak Teheranen, ustez bete ez zituelako beloaren gaineko Irango lege zorrotzak. Ospitalean hil zen hiru egun geroago, atxiloaldian jasan zituen tratu txar fisikoen ondorioz. Haren heriotzak protesta masiboak eragin zituen herrialde osoan, “Emakumea, Bizitza, Askatasuna” lelopean. Harrezkero, hijabari buruzko arauen eta bestelako lege diskriminatzaileen aurka protestatzen ari dira emakumeak.