Batzordeak 2024ko proposamenen deialdia egin du Erasmus+ programaren barnean, zeina baita Europar Batasunaren programa Europan hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirola babesteko.

Erasmus+ programak 4.300 milioi euroko aurrekontua izanen du heldu den urterako, eta eskola-umeen, goi-mailako irakaskuntzako ikasleen eta lanbide-heziketako ikasleen nazioz gaindiko esperientziak babesten jarraituko du. Programak ikasle helduei, hezitzaileei eta langileei ere eskaintzen dizkie aukerak, bai eta ikaskuntza ez-formaleko programetan diharduten gazteei ere.

Inflazioak atzerrian ikasten duten parte-hartzaileengan duen inpaktua arintzeko eta parte-hartze zabala ahalbidetzeko, programak areagotu eginen ditu mugikortasun-beken mailak. 2023ko deialdiko planteamendu berari jarraituz, % 5,9ko doikuntza aplikatuko zaie atzerrian ikasten dutenendako banakako laguntza-beken zenbatekoei, 2024ko deialdiko mugikortasun-ekintza gehienetan. 2023an ere izan zen igoerarik, % 12,27ko lehen doikuntza aplikatu baitzuten.

2024an, programak pizgarri handiagoak eskainiko ditu bidaia jasangarrietarako. 2024tik aitzinera, lehenetsitako aukera gisa aurkeztuko da, eta urruneko eremuetako, uharteetako edo trenbide-sare nahikorik ez duten tokietako parte-hartzaileek konpentsazio egokia lortuko dute bidaia-modu jasangarriak erabiltzeagatik. Lehen aldiz, goi-mailako irakaskuntzan ere eskainiko dira Europa barneko mugikortasunerako bidaia-laguntzak. Horrek finantziazio-arau uniformeagoak bermatuko ditu sektore guztietan.

Informazio gehiago

Deialdia